Zabalik Udaleko Euskara saileko diru-laguntzen eskaera epea

Eskaera orriak udaleko arreta bulegoan edo www.legazpi.eus web gunean eskuratu daitezke. / LIMIA

Euskara ikasteko, Udako Euskal Unibertsitatean parte hartzeko eta merkataritzan euskara bultzatzeko eskainiko dira

CRISTINA LIMIA LEGAZPI.

Aurten ere hiru izango dira udaleko Euskara sailak eskainiko dituen diru-laguntzak: lehenengo multzoa euskara ikasteko (herritik kanpo), bigarrena Udako Euskal Unibertsitatean edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten beste ikastaro batzuetan parte har-tzeko eta hirugarrena merkatari-tzan, ostalaritzan edo bestelako establezimenduetan errotuluak euskaraz jartzeko, irudi korporatiboa euskaraz erabiltzeko eta web guneak euskaraz eskaintzeko.

Hiru alorretan, eskaerak Udaletxean aurkezteko azken eguna urriaren 31a izango da.

Oinarriak

Lehenengo laguntza multzoaren xedea euskara ikasten barnetegietan, ikastaro trinkoetan, zein 100 eskola ordutik gorako ikastaroetan, auto-ikaskuntza programetan edo herritik kanpo dabiltzan herritarrentzat bekak edo diru-laguntzak eskaintzea da. Barnetegiko ikastaroen kasuan, matrikula prezioaren %40koa izango da diru-laguntza. Auto-ikaskuntzari dagokionez, kontratuz ordaindutakoaren %25ekoa izango da. Herritik kanpoko ikastaroen kasuan, matrikularen %25ekoa izango da diru-laguntzaren zenbatekoa. Emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira HABE erakundeak eta enpresa pribatuek ematen dituzten diru-laguntzekin. Gain-finantziaziorik eman ez dadin, bestelako diru-laguntzak eskatu dituzten herritarrei hauen zenbatekoa jakin ondoren emango zaie dagokiena. Hala ere, udalak hala iritziz gero, beste irizpide batzuk erabili ahal izango ditu diru-laguntzen zenbatekoa erabakitzeko, ikasleak egindako ikastaroaren ezaugarriak kontuan izanik.

Bigarren diru-laguntza multzoaren helburua Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako ikastaroetara edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten bestelako uda-ikastaroetara doazen herritarrei laguntza eskaintzea da. Eman beharreko laguntza kalkulatzeko zenbait irizpide jarraituko dira. Langabezian edo ikasten ari diren herritarrei matrikularen erdia ordainduko zaie eta gainerakoei matrikularen herena.

Hirugarren laguntza multzoa merkataritzan euskararen erabilera bultzatzea du helburu. Establezimenduko kanpoko, nahiz barruko errotulu finkoak, irudi korporatiboa eta web gunea euskaraz jartzen dituztenei diru-laguntzak emateko baldintzak arautzen ditu. Euskaraz jarritako errotuluen kasuan, diru-laguntza bere kostuaren %50ekoa izango da, gehienez ere 300 eurokoa. Euskaraz jarritako irudi korporatiboaren kasuan, kostuaren %50ekoa izango da diru-laguntza, gehienez ere, 300 eurokoa. Web orrien kasuan, euskaraz bakarrik eginez gero, kostuaren %50ekoa izango da diru-laguntza, gehienez ere 500 eurokoa. Web orria euskaraz eta beste hizkuntzatan eginez gero, kostuaren %30ekoa izango da laguntza, gehienez 250 eurokoa.

Fotos

Vídeos