50. urteurreneko ospakizunen ikasturtea Haztegin

2017-2018 ikasturtea ospakizunez jantzia dator Haztegin. Ikastolak bere 50. urteurrena legazpiarrekin partekatuko du, herri mailan ekintza desberdinak antolatuz. Kimu-Berriren lehen urratsak, mende erdi honetako bizipenak, erronka berrien ilusioa... bat egingo dute ikasturte osoan zehar burutuko dituzten ekimenetan. Ospakizunen baitan, ikastola, Benito Lertxundik datorren larunbatean, 19:00etan, Urbeltz pilotalekuan eskainiko duen kontzertuaren bultzatzaileetako bat izango da. Ekitaldiaren hasieran, Haztegiko haur kantariek 50. urteurrenerako sortu den abestia eskainiko dute eta ikasle dantzari talde baten laguntzaz, ongietorria emango diete abeslariari eta bere musikariei. Abestiaren letra Asier Iriondo bertsolari legazpiarrak idatzi du. Bertan hiru atal bereizten dira. Lehenengoan, gaur egungo hiru ume dira protagonista, beraien arteko elkarrizketa bat islatzen delarik, errimekin jolasean. Bigarren atalean, 1967. urtean ikastolaren alde dirua lortzeko antolatutako bertso saio batean, Kimu-Berriren bultzatzaileetako batek, Jose Inazio Elorzak, egindako adierazpenak biltzen dira. Hirugarrenean, berriz, garai batean Kimu-Berriko ikasle izandako hiru haurrek hartzen dute hitza. Abestiaren doinua, berriz, Joserra Gutierrezek egin du, azken hau Xegun Altolagirre gidoilari eta sortzaile legazpiarraren kolaboratzailea da, hainbat filmetako soinu bandak eta haurrentzako kanten musikak gauzatuz, horien artean ETB-1 eko '3txulo' telesailaren azken diskoa.

50. urteurrenaren ospakizunen barruan, ikastolak beste ekintza bat antolatu du larunbaterako. Herriko enparantzan monoziklo, eskalada eta slackline saioak eskainiko ditu 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era bertaratzen diren guztientzat. Pintxoak eta edariak ere egongo dira salgai (kaskoa eramatea beharrezkoa da eta eguraldi txarra egingo balu, beste asteburu batean egingo da).

Fotos

Vídeos