'Euskararen paparazziak' lehiaketara argazkiak bidaltzeko azken astea

Lehiaketa berriaren kartela./
Lehiaketa berriaren kartela.

LEGAZPI.

Urtero bezala, Urretxu, Zumarraga eta Legazpiko Euskara zerbitzuek, Zingi Zango eta Zintzo Mintzo elkarteekin batera, merkataritzan euskara sustatzeko kanpaina abian jarri dute. Oraingoan 'Euskararen paparazziak' izatera gonbidatzen dituzte Urola Garaiko bizilagunak lehiaketa berri baten bitartez. «Parte hartzaileek saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera behar dizkiete, helburua merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu establezimenduetan euskararen erabilera handi-tzeko hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea da, ateratako argazkiak whatsApp-ez edo postaz bidali behar dituzte, 628 75 99 48 telefono zenbakira edo pozikgainera@gmail.com helbide elektronikora, egileak, argazkiarekin batera, honako informazio hau igorri behar du: izen-abizenak eta argazkia zein herritan eta establezimendutan egin duen», azaltzen dute antolatzaileek. «Lehiaketan parte hartzeko ez da adin, ez bestelako mugarik izango, gehienez bost argazki aurkezteko muga baino ez», aditzera ematen dute.

Argazkiak datorren larunbata, hilaren 18a, baino lehen bidali behar dira. Euskara eta merkataritza edo ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkien artean zozketa egin eta 100 euroko hamabost sari banatuko dira hilaren 30ean. Irabazleek urtarrilaren 7a baino lehen gastatu beharko dute irabazitako txartela.

Fotos

Vídeos