Konponketak eta txukuntzeak larunbatean egingo den auzolanean

Auzolana. Herriko sei puntuetan lan desberdinak aurrera eramango dituzte. /  ITSASO
Auzolana. Herriko sei puntuetan lan desberdinak aurrera eramango dituzte. / ITSASO

Herriko sei puntu desberdinetan aurrera eramango dira lanak, amaitzerakoan ostatuan afari bat ospatuz

DV ITSASO.

Ugariak dira Itsason bizilagunen artean aurrera eramaten diren ekintzak, batzuen jakituria aprobetxatuz besteek ikasi, tailerrak antolatu edo iniziatiba desberdinak aurrera eramaten direlarik. Herrian ospatzen diren inportanteenetariko bat urtean bitan aurrera eraman den auzolana da, eta udaberrikoa larunbatean ospatuko dute, Itsasoko sei puntuetan lan desberdinak aurrera eramango dituztelarik. Dena prest dago auzolanarekin hasteko eta egun honetan parte har-tzaileen izenak jasoko dituzte asegurua egin ahal izateko.

Udaberriko auzolana hilaren 14an, larunbata, burutuko da Itsason eta arratsaldeko 14:30elkartuko dira herritarrak. Udal batzordetik azaltzen dutenez, dagoeneko egin beharreko lanak, materialak eta arduradunak zehaztuta daude eta falta den gauza bakarra parte hartzaileen izenak jasotzea da, alde batetik zenbatek lan egingo duten jakiteko, bestetik eta aurrekoan egin zen bezala, aseguruak prestatzeko; eta azkenik, ondorengo afarian parte hartuko dutenen kopurua jakiteko.

Egin beharrekoak

Azken Herri Batzarrean erabaki zen bezala, auzolanean taldeka burutuko diren lanak hauek izango dira: baserri bideetako seinaleetan Itsasoko logoa jartzea; Itsusturriko baranda margotu eta lorategia prestatzea; zuntz optiko parean dauden adarren kimatzea; Atinzabal pareko herri bidea txukuntzea eta hesitzea; Sakristia azpiko lokala garbitzea; eta kanpandorreko lehiatilak eta armairua zaharberritzea.

Anitzak dira egin diren eta guztien artean planteatzen diren lanak, udaberri eta udazkeneko auzolanari esker denen artean herria poliki poliki txukundu eta edertzen dutelarik: Kizkitzaren margotzea, parrillaren txukuntzea, teilatua, San Bartolome eliz ondoko lorategia txukuntzea, bideen konponketa... Eta oraingoan aipatutako sei hauek izan dira lehentasuna jaso dutenak, beti ere hurrengo baterako zerrenda gorde delarik.

Auzolana arratsaldean zehar aurrera eramango da eta amaitu orduko, jarraian, partaide guztiak ostatuan egingo den afarira gonbidatuta daude. Honetan parte hartzeko izena aurretik eman beharko da, bai aseguruak eta baita afaria antolatzeko ere.

Izena emateko epea ostiralean amaituko da, apirilaren 13an. Honetarako Itsasoko udaletxera deitu beharko da 943 477 790 telefonora edo helbide elektronikoz egin udala@itsaso.eus. Parte hartzaileen izen abizenak eta NAN zenbakia adierazi (asegururako) eta afarirako izena eman behar da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos