Kizkitzako Eguna ospatzeko prest

Berrikuntzak. Eroritako pagoa jaso zuten itsasoarrek igandean eta informazio-plaka berriak egin dituzte Pottekoek.
Berrikuntzak. Eroritako pagoa jaso zuten itsasoarrek igandean eta informazio-plaka berriak egin dituzte Pottekoek. / I.A.B.

Meza, pintxoak, erromeria, bazkaria, kirola eta giro ederra espero da gaurko

MIRYAM GALILEA ITSASO.

San Bartolome jaiak amaitu ziren orain dela gutxi herrian, eta ohiturari helduz Kizkitzako Amaren Eguna ospatuko dute gaur, irailak 8, meza, erromeria eta egunean zehar ekintza desberdinak aurrera eramanez.

Itsaso, Ezkio, Zumarraga, Beasain... inguruko herri desberdinetatik hurbiltzen dira baselizara egun honetan eta giro ederrean igarotzen dute goiza, batzuk senide edo lagunekin bazkaldu eta arratsaldera arte ederki egoten direlarik. Azken egunetan lanean egon dira Itsasoko bizilagunak lekua ospakizunerako txukuntzen, igandean adibidez, haizeak botatako pago handia kentzen egon ziren zortzi lagun, hau su egurretarako erabiliko dutelarik.

Auzolanak eta konponketak ere izan dira urtean zehar Kizkitzan, azken bitxikeria, Pott keramikako artistek egindako plaken kokatzea izan delarik, besteak beste.

Beraz, itxura ederrarekin topatuko dute mendizaleek Kizkitza: fregadera berria,baselizako paretaren konpontzea, eskailera berritua... Eta gainera, eguraldiak ere lagunduko duela dirudi, bero gehiegi egin gabe eguzkiaz gozatzeko aukera izango dugula iragarri dutelarik.

Egitaraua

Eguerdiko 12:00etan ospatuko da beti bezala meza, eguraldiak lagunduz gero, baselizako atzeko aldean kokatutako eszenatokian aurrera eramango delarik (bestela baseliza barruan); ondoren, erromeriari hasiera emango zaio Lidia Irigoien eta Xabier Etxanizekin. Arratsaldeko 14:00etan, bazkari garaia izango da.

16:00etatik aurrera hasiko da berriro ere erromeria eta arratsalde osoan zehar girotuko dute festa. Ondoren, 17:00ak aldera, azken urtetan ospatu den bezala eta izandako arrakasta dela medio egitarauaren parte bilakatu diren toka eta fardoa botatzea izango ditugu.

Gaueko 21:00etan trikitilariekin batera Itsasoko bidea hartuko dute bizilagunek eta 21:30ean herrira heldu bezain pronto plazako karpan elkartuko dira elkarrekin afariaz gozatzeko. Afariari dagokionez, norberak berea eramateko aukera izango du, edo bestela, ostatuan prestatuko duten oilaskoa saltsan afaltzeko aukera ere badago, honetarako ostatura bertara aurretik izena emateko deitu behar delarik 943880315 telefono zenbakira. Bestalde, Mandubiko Bentan ere erromeria izango da arratsalde osoan zehar Rezusta anaiekin.

Aurtengoan, iaz bezala, pintxoak ez dira faltako Kizkitzan eta gainera bazkaltzeko menua hartzeko aukera ere izango dute nahi dutenek. Itsasoko ostatua daramaten Mairama enpresakoek badute aurreko urteetako eskarmentua eta oraingoan ahal bada ere hobeto egiteko gogoekin doaz Kizkitzara: txorizoa brasan, salda, haragi egosia, txokolatea... egongo dira mokadutxo bat hartu nahi dutenetzat.

Jai egun ederra izango da ziur Kizkitzakoa!

Fotos

Vídeos