Jo ala Joren kirikoketa berezia eta azken antzezpenak ostegunean

Antzezpenak. Karmakros antzerki taldearen esku. / GALILEA

Ostiralean amaituko da aurtengo Sagardo Astea, azken egun hauetan ere ekintza ugari izango ditugularik

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Asteazkenean hartu zuen martxa XVI. Sagardo Astea Igartubeiti Baserri Museoan, eta asteburuan zehar lanean gogor aritu ondoren, egun hauetan azken txanpari helduko diote, datozenak ere ekintzez betetako egunak izango ditugularik.

Berrikuntza esanguratsu gisa Cider Truck esperientzia gastronomikoaz gozatzeko aukera izan dute bisitariek asteburuan, bertan, sagardoa eta bertako Bertatik Bertara elikagaiak, Idiazabal gazta, intxaurrak, artisau ogia eta gailetak, dastatu ahal izan direlarik.

Aste berria hasi eta dolareak ez du bere martxa geldituko, egunero zanpaketak aurrera eraman eta sagar zuku gozoa dastatzeko aukera egongo delarik bertan, sagardoa egiteko duela 500 urte erabiltzen zen teknikaren esperientziaz gozatzeko aukera eskainiz. Sagar zanpaketak egunero izango dira eguerdiko 12:00etan, eta zanpaketa bakoitza baino lehenago 50 kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi txiki bat egiteko.

Esperientziak

Badira urte batzuk Arizkungo Jo ala Jo taldea sagarrak kirikoketa erritmoan zanpatzera datorrela Igartubeitira; egunero eta zanpaketa bakoitza baino lehen egiten den erakustaldiaz aparte, talde honek soinu berezi hau ezagutzera gonbidatzen gaitu espreski.

Kirikoketa, pisoiekin, sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Antzinan dolare baserrietan ohikoa zen ohitura hau, Igartubeiti Baserri Museoan gogora ekartzen da, usadio zaharrak berreskuratu eta ikertzen dituen kultur elkarte honen eskutik.

Aurten ere bertan izan ditugu eta asteburuan lanean egon ondoren, bere erritmoaz gozatzeko azken aukera ostegunean izango dugu, goizeko 12:00etan.

Bestetik, Kortabarria familiaren bizimodua ezagutzeko aukera ere izaten da Igartubeitin egun hauetan, azken bi urtetan Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldearen esku aurrera eraman delarik. Lehenengo urtetan Yartu kultur elkarteko kideak ziren arduradunak eta azken bietan talde hau izan da XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako Kortabarria familiaren papera hartu duena.

XVI. mende bukaerako eta XVII. mende hasierako janzkerekin jantziak, baserria erakusten diete bisitariei eta beraien zereginei buruz hitz egiten dute. Bisitariak elikadura, sagardogintza, ohe-jantzi eta ehun, altzari konponketa, lanabes eta egur egitura, ereitea, baratzeko produktuei eta abarrei buruzko arloetaz jabetzeko aukera izaten dute hauei esker.

Kortabarria familia lanean izan dugu asteburuan eta hauen azken antzezpenak ostegunean goizean izango dira, 11:30etik 12:00etara eta 13:00etatik 13:30era.

Azkenik, eta urtero bezala, gure inguruan hazten diren sagarren erakusketa bikaina dugu Igartubeiti baserriko atarian, guztira hogei sagar barietate desberdin baino gehiago bilduz: argentina sagarra, pinoi, errege gaxie, txori sagarra, mendeun sagarra, madari sagarra eta limoi sagarra, besteak beste. Sagardo Astea hasi baina egun batzuk lehenagotik izaten dira ikusgai, eta ospakizunak amaitu eta oraindik honetaz gozatzeko aukera egongo da egun batzuetan.

Azkenik, gogoratu ere egun hauetan Ezkioko Argindegi ostatuan, Labekoa jatetxean eta Itsasoko ostatuan 'Sagardo Astea' menu berezia eskaintzen dela, urriaren 13ra bitartean. Eta nola ez, aste honetan zehar X. Sagardo Astea Argazki Lehiaketan parte hartzeko aukera dagoela gogoratu, bai kamaratik edo mugikorretik egindako argazkiekin Sagardo Asteari bizia emanez saria lor-tzeko aukera dagoelarik. Informazioa eta oinarriak: www.igartubeitibaserria.eus

Fotos

Vídeos