Ilarrak eta marrubiak jasotzeko garaia Igartubeitin

Marrubiak. Fruitu eder hauek jasotzeko garaia. /  IGARTUBEITI
Marrubiak. Fruitu eder hauek jasotzeko garaia. / IGARTUBEITI

Meloia ereiteko garaia izanda ere, Euskal Herriko lurra ez da egokiena; babarrunak ereiteko garai bikaina

DV EZKIO.

Maiatza hasi berri dugu eta hilabetero bezala Igartubeitira gerturatu gara bertako baratzea eta inguruaren egoeraren eboluzioa ezagutzera. Laster etorriko zaigu beroa eta fruituak ere ikusten hasiak dira; baratzea zaintzeko aholku batzuk ere eman dizkigu Jakoba Errekondok.

«Negu sasoian ereindako ilarrak sasoi betean ditugu maiatzean. Gogoratu sare moduko bat behar duela, landare igokaria baita. Beraz, pixkanaka pixkanaka ilar uzta jasotzeari ekin beharko diogu lehenik, ondoren hurrengo landaketak egiteko lekua izan dezagun. Ilarrarekin batera, baratzeko fruitu miresgarri batek ere ezinbestean bereganatuko du gure arreta, marrubiak, maiatzean jateko moduan izaten baita, xamurra eta bizi-bizia», azaltzen dute Igartubeititik.

Hilabete honekin batera, babarrunak erein ditzazkegu ere, hauek neguan gustura jango baititugu. Kontutan izan behar dugu lekaduna dela, beraz sustraietan berak sortuko duen nitrogenoa dela eta, simaurra zabaltzerakoan argi ibili beharko dugula, ez baita komeni gehiegi botatzea. «Baserrietan babarruna ez da bakarrik erein izan, beti beste landare baten konpainian egon izan da, artoa. Izan ere, elkar laguntzen dute, halako “sinbiosi bat eratuz”. Batetik, babarrunak sortutako nitrogenoa artoak aprobetxatzen du, eta babarruna berriz artoaren zuztarrean zehar kiribiltzen da», azaltzen dute baserritik.

Hazia ereiteko garaian, errenkada batetik bestera 70 zm uztea komeni da, artorik jarri behar ez badugu, kasu horretan makila, parda edo sarea jarri beharko diogu eta. Lurrean zuloa egingo dugu eta zulo bakoitzean sei bat ale jarri. Zulotik zulora 50zm-ko tartea utzi. Tarteka lurra arrotu, behin landarea hazi denean ura hobeto mugitzeko eta sustraietara bero gehiago iristeko.

Meloia ereiteko garaia ere dugu orain ere, baina Euskal Herriko lurra ez da batere egokia fruta honentzat.

Aholkuak

Ikusten denez Igartubeitiko baratzea gogoz aurrera doa, eta horrela jarraitzeko aholku garrantzitsu batzuk eman dizkigu oraingoan ere Jakoba Errekondok, zaintza behar bezala egiteko.

Errekondok dionez, behar ditugun landaketak egin aurretik lurra prestatu behar da. Aurretik hazitegian jarritako landare eta barazkiak baratzean landatzen hasteko garaia; landareak babesetik atera eguzkitara jartzeko momentua ere.

Loreontzietan ditugun landareak ongarritu beharko ditugu orain, eta landare usaindunak gustuko dituztenentzat, hau izango da hauek landatu edo ereiteko garaia.

«Udaran loretuko diren erraboilak eta landareak ereingo ditugu: gladioloa, kana, begonia... Eta landatu gabeko lurrak simaurrez estaliko ditugu, beldurrik gabe edota hauek karetu», azaltzen du Errekondok.

Aurreko hilabetean belazeak eta soroak ongarritu gabe geratu baziren, orain egiteko aukera ere badago: sutako hautsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko. Aldiz, aurretik ongarria bota badiogu gutxienez pare bat aste utzi beharko dugu eta gero karea zabaldu.

«Orbel garaia amaitzear da, beraz hau konposta egiteko, azpitarako... bildu dezakegu», azaltzen du adituak.

Azkenik, fruta arbolak zaintzea ezin dugu ahaztu, bakanketak egin eta beharrezkoa denean ere tratamenduak jaso beharko dituzte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos