Ibilbideak eta tailerrak hezkuntza programa berrian

Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte eskaintza zabala dago Igartubeitin

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Asko dira Igartubeiti Baserri Museoan aurrera eramaten diren ekintzak: erakusketak, bisita bereziak, egun esanguratsuak, edo haurrei zuzendutako tailerrak. Baina hezkuntza eskaintza zabala ere badu Igartubeitik, haurrek, eskolako lagun eta irakasleekin batera mundu honetan murgildu daitezen.

Ikasturte berriari begira, Igartubeitik herriarentzat eta eskualdearentzat aktiboa izaten jarraituko du, epe luzeko zenbait egitasmo garatuz Urola Garaiko zein Goierriko eskolekin, institutuekin, familiekin eta kultur eragileekin lan eginez. Horretarako, azken urte honetako hezkuntza eskaintzaren ebaluaziotik abiatuz, tailerretan parte hartu duten familiekin eta inguruko ikastetxeekin zenbait topaketa antolatuko dituzte irailean, museoko pedagogia ildoa elkarrekin diseinatzeko asmoz.

Hezkuntza eskaintza maila ezberdinei dago zuzendua: HH, LH, DBH, Batxilergoa, Dibertsifikazioa eta Helduentzako Hezkuntza; adinaren arabera proposatzen diren ekintzak desberdinak izaten direlarik. «Proposamen hau eskola kurrikulumaren edukien osagarria izan nahi da eta euskal baserriaren historia, bilakaera eta bertan bizi ziren biztanleen eguneroko bizimodua erakusten du», azaltzen dute Igartubeititik.

Ibilbide didaktikoak

Haur Hezkuntzatik abiatu eta Batxilergora arte eskaintza anitza dute Igartubeiti Baserri Museoan, ibilbide didaktikoak edo tailerrak aukeran daudelarik. Ibilbide didaktikoei dagokioenez, HHko haurrek 'Martintxoren baserria' ezagutu dezakete, egokitutako talde bisita sensoriala eginez; LHn 'Kattalin eta Domingoren baserria' ezagutuko dute, baserriaren bizimodua ezagutuz; eta DBH, Batxilergoa eta Goi Mailako zikloetan 'Baserrian bizitzea' edo 'Dolarea, baserriaren bihotza' ibilbideetan parte hartu dezakete.

Tailerretan eskaintza oso zabala da, hau ere adinaren arabera egokitutakoa izanik: gailetak egiten, gure aiton-amonak bezala jolasten, edota baratzea lantzen eta kosmetika naturala lantzen, besteak beste.

Bisita, taldeak dituen beharren arabera egokitzen da. Hauetako ekintzaren batean parte hartu nahi izanez gero Igartubeitirekin kontaktuan jarri besterik ez da egin behar, 943722978 telefono zenbakira deituz edo hurrengo helbide elektronikora idatzi igartubeiti@gipuzkoa.eus.

Fotos

Vídeos