Hosto, lora eta fruituak ekarriko ditu udaberriak

Baratzea. Igartubeitiko lore eta fruituek udaberrian hazten jarraitzen dute. /  DV
Baratzea. Igartubeitiko lore eta fruituek udaberrian hazten jarraitzen dute. / DV

Baratzea zaintzen jarraitzeko aholkuak eskaintzen ditu Jakoba Errekondo adituak

DV EZKIO.

Pil pilean dugu Igartubeitiko baratzea, eguraldi aldaketei gogor helduz, eta kontu handiz zainduta garai bakoitzeko beharrak asetuz fruitu eta landareak hazten jarraitzen dutelarik bertan. Denbora bada Igartubeitikoek baserriko baratzea lantzen hasi zirela, poliki poliki eta Jakoba Errekondoren aholkuak ere jarraituz fruitu ederrak lortzen jarraitzen dutelarik.

Udaberria bertan dugu jada eta apirila amaierako zuhaitz guztiak hosto eta loran ikusiko ditugu laster. Gainera, landaketa berriak eta barazki ederrak jasotzen hasteko garaia ere bada. «Landaketa errez batekin hasteko, letxugarekin has gaitezke. Ur asko behar du, batez ere udarako egun beroetan, hortik datorkio uraza izena (uretako aza), baina eguzki zalea ere bada. Letxuga nahiko azkar heltzen denez, ez da komeni aldi batean ugari jartzea, hazi ahala eta jan ahala landatu. Kontutan izan, letxuga hazten denean tamaina dezentea hartzen duela, beraz batetik bestera toki piska bat uztea komeni da», aholkatzen dute baserriko arduradunek.

Barazkiez eta elikagaiez gain, belar usaindunak edo landare aromatikoak ere baratzearen parte dira. Etxerako ukenduak, xaboiak, infusio edo sendagai ezberdinak egin daitezke hauekin, Igartubeitin bertan antolatutako tailerretan ikasi ahal izan dugun bezala.

Landare aromatikoak

Igartubeitin, besteren artean, izpilikua (labanda) daukagu, lehorreko landarea. Landaketa, udaberritik aurrera egin behar da eta landatuko dugun lurrean aurrez lurra botatzea komenigarria da. Hasieran, lur gozotan landatu b ehar da, ontzi batean. Eta urte beteren ondoren, hurrengo udaberrian, lur lehorrago batean landatu, eguzkiak ematen dion tokian. Jasotzeko garaia berriz, loretan dagoenean da. Goizeko ihintzaren ondoren jasotzea gomendatzen da. Sortak egin eta buruz behera jarri lehortzeko, argiak ematen ez dion lekuan.

«Izpilikua lagungarri izango zaigu txingurriak uxatzeko, eta beste alde batetik, amona mantangorria edota polinizatzaileak erakarriko ditu bere usainarengatik. Lasaigarria, hanturaren aurkakoa (antiinflamatorio), digestiboa, antiseptikoa, zikatrizatzailea...osasun aldetik erabilera ugari ditu.

Erromeroa ere hazten da Igartubeitin, jatorriz mediterraneoko landarea. Asko irauten duen landarea da, udaberrian inausketa egin ondoko aldaxka landatu dezakegu. Lehenik loreontzi batean eta hurrengo udaberrian baratzean jarri.

«Landare honek lore urdinxka bat ematen du, ia urte guztia irauten duena. Erromeroak halako esentzia berezi bat dauka, eta baratzean txingurriak erakartzen ditu, beste barazki edo frutetara joatea eragotziz. Eta aldi berean, antiseptikoa, hidratantea, digestiboa eta diuretikoa ere bada», diote Igartubeititik.

Baratzea

Baratzearen eta ingurunearen zaintza Jakoba Errekondorekin kolaborazioan egiten dute Igartubeiti Baserri Musoekoek, eta hilabetero baratzearen inguruko aholkuak ematen dizkigute, hau sasoian hazten lagunduz.

Baratzean landatuta ditugun landareak estalkiren batekin babesten jarraitu behar dugula esaten digu Errekondok, oraindik ere azken izozteren bat etorriz gero hauek babestuta egon daitezen.

Loreontzietan ditugun landareak ere babesera eraman beharko ditugu, estalpe azpiren batera. Eta eguraldia epeldu duela ikusiz gero, landareak babesetik atera eguzkitara.

«Landatu gabeko lurrak simaurrez estali, beldurrik gabe. Belazeak eta soroak ongarritzeko garaia da, beldurrik gabe gainera. Sutako hau-tsa, kare hautsa edo hondarra gehitu lurrari, harrotzeko. Eta aurretik ongarria bota badiogu utzi pare bat aste gutxienez eta gero zabaldu karea», azaltzen du Errekondok.

Bestetik, orbel garaia amaitzear da eta hau bildu beharko dugu konposta egiteko, azpitarako... «Hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi. Honetaz gain, udaran ernetu diren erraboilak landatu: dalia, kana,begonia...», dio. «Inausketa eta txertaketak egiteko azken txanpa dugu ere».

Hostoa galtzen duten zuhaitz, zuhaixka eta abar landatzen hasteko garaia da apirila. Hori bai, izotza baldin bada landaketarik ez egitea gogoratzen digu Errekondok.

«Fruta arboletan ustelduta geratu diren fruituak kendu eta erre beharko ditugu. Bestela neguan gaitza zuhaitzean geratzen da eta udaberrian erasoko dio», azaltzen du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos