Herritar zintzo eta maitatu bati agur

Gabon eskean. Ezkerraldean bigarren lerroan baserritarrez jantzita dago 'Txipi', Gabon errondan parte hartzen. / NEKANE UGARTEBURU

Joxe Etxeberria 'Txipi', zinegotzi, eta herriko talde askoren bultzatzaile izan zen

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Igandean herritar maitatu bati agur esan beharrean ikusi ziren Ezkioko bizlagunak, 82 urte zituela, Joxe Etxeberriak (Txipi) zendu baitzen. Beti jende artean, Ezkio herria ideia eta ekimenez bete zituen urtetan eta herritarren berotasuna jaso dute emazte eta senideek azken egunetan.

Ezkiotar askok, eta arrazoi bat baino gehiagogatik, euren esker ona zor diotela aitortzen dute zendu berria den Joxe Etxeberria 'Txipi'-ri. «Bere onena eman zuen gure herriaren alde, eta estimatua eta maitatua izan da gure artean. Haren gizatasuna ere guztiontzat eredugarria izan da», dio Aitziber Etxezarretak, ezkiotar askoren izenean.

Ugariak izan dira eta denbora luzean Joxe Etxeberriak herriarengan eta herritarrekin batera egindakoak, Udalean ere zinegotzi lanetan aritu zelarik 1983. urtetik 1987ra. «Herriaren aldeko lanetan udalean zinegotzi izana da, baina ez da horretara mugatzen herriarekin izan duen konpromisoa; Anduaga Elkartearen sorreran ere parte hartu zuen eta gaur egun Ezkioko eta Itsasoko abesbatza den taldearen sorreran ere aktiboki jardun zuen».

«Gaur jada hain gazte ez garenok gogoan dugu Gabon egunean herrian kantuan ateratzen den taldearen bultzatzaile eta gidarietako bat izan genuela ia 30 urtetan. Beraien seme-alabak bagina bezala zaintzen gintuzten Txipik eta Mirenek auzoko ume asko eta asko», dio Etxezarretak.

Geroxeago etorri zen Yartu Kultura Elkartearen sorrera, eta hemen ere, hasierako bultzatzaileetako bat izateaz gain, urte askoan aritu zen bertan gogoz, betiere herriaren alde lan egiteko prestutasuna erakutsiz.

«Aurrerantzean, bere oroitzapena gure artean izango dugu eta berari egin geniezaiokeen omenaldirik onena delakoan lanean jarraituko dugu. Besarkada handi-handi bat, Miren!».

Más

Fotos

Vídeos