Hamabi haurrek parte hartzen dute 'Gorputza astinduz' egitasmoan

Jolasak. Argazkian, Santa Lutziko San Pedrotan haurrak jolasean. / GALILEA
Jolasak. Argazkian, Santa Lutziko San Pedrotan haurrak jolasean. / GALILEA

Ganbara Guraso elkarteak antolatuta herritar guztiei zuzendutako ekintza da, 5-12 urte bitartekoentzat

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ganbara Guraso elkarteak planteatu, eta udalaren laguntzarekin batera, Gorputza Astinduz egitasmoa aurrera eramatea erabaki zuten, honetarako uda osoan zehar izena emateko epea zabalduz. 'Gorputza astintzeko' lehenengo saioa aurreko astean aurrera eraman zen eta haurrek ederki pasatzeko aukera izan zuten.

Herriko 5-12 urte bitarteko haurrei zuzenduta, lehiakortasuna alde batera utzi eta haurrak kirol-jolas ezberdinetan aritzea du ekintza honek helburu, beti ere ez eskolako haurrei bakarrik baizik eta herri guztiari zabaldu zaiolarik. Hilabete honekin batera hasi dira klaseak eta hamabi haurrek parte hartzen dute honetan, hauek guztiak 5, 6 eta 7 urtekoak direlarik. «Herrira zabaldu nahi izan dugu egitasmoa eta oraindik ere baten batek interesa izango balu badauke izena ematea Udaletxera (943 72 13 03) deituz. Momentuz hamabi haur hauetatik bakarra ez da herri eskolako ikaslea. Herrian ume asko daude kirola egitera beste leku batzuetara joaten direnak; orain hemen ere dute aukera», dio Arantzazu Calvok Ganbara Guraso elkartetik.

«Horrelako ekintza bat antolatzearen helburuetako bat gure umeek kirola egiteko herritik irten behar ez izatea da, herrian bertan sustatzeko aukera ematea», dio.

Zerki enpresako begiralea dute haurrek, Elena, ezkoitarra bera ere eta ostegunetan arratsaldean ordu betez biltzen dira Santa Lutzian: kultur etxeko beheko aretoa erabiltzeko aukera dute eta haurreskola zaharraren ondoan dagoen kantxa ere. «Oso txikiak dira oraindik kirol batzuetan aritzeko, baina mundu honetan murgiltzen hasten dira. Begiraleari eman zitzaion baldintza bakarrak haur guztiak elkarrekin egotea izan zen, adinaka ez banatzea», dio Calvok.

Urrian hasi ziren klaseak eta astean behin, maiatza arte, aurrera eramango dira.

Olentzero

Ganbara Guraso Elkartea sortu zenetik anitzak izan dira hauek antolatutako ekintzak, eta guztien artean arrakastatsuenetariko bat Olentzeroaren etorrera izan da dudarik gabe.

Laugarren urtea izango da Olen-tzero eta Mari Domingi Ezkiotik pasatzen direla, aurten abenduaren 16ean, larunbata, arratsaldean beraiekin egoteko aukera izango dugularik.

Iluntze aldera , arratsaldeko seiak inguru, iritsiko dira eskola inguruetara aurten eta haurren eskutitzak jasoko dituzte. Ekintza hau ere irekia izango da, eta esan beharra dago urtez urte inguruko herrietako geroz eta jende gehiago hurbiltzen hasi dela, etorrera honek duen xarma bereziaz gozatzera.

Fotos

Vídeos