Gure lurren inguruko hausnarketa egitera gonbitea luzatzen da

Baserriak. Gure lurren inguruko hausnarketa egitea da dinamika honen asmoa. / GALILEA

Bi aurkezpen eta hitzaldi desberdinak antolatuko dira hartu behar diren erabakietan guztien ahotsa egon dadin

MIRYAM GALILEAALTO UROLA.

Ezkio, Gabiria, Itsaso, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako udalek, Goimen Landa Garapen Elkartearekin batera, udalerri hauetako landa lurren lanketa komun bat gauzatzen ari dira, Gipuzkoako Foru Aldundia ere lagun izanik, eta dinamika honen barruan ekintza desberdinak antolatu dira herri hauetan hurrengo egunetarako. Goimenetik azaltzen dutenez, 2016an abiatu zuten elkarlana, 'Goierri Garaiko Landa Lurren Diagnostikoa' lanarekin, eta bertan du programa honek jatorria. «Orduko lana teknikoagoa izan zen, bulego-lana; oraingoan, lan hori landa-lanarekin eta zuon, tokikoon, ezagutzarekin osatzera gatoz», diote Goimenetik.

Asmoa, lurren inguruko hausnarketa ekitea da. Azken urteetako joerak jarraituz gero, urte gutxiren buruan beraien ahalmen eta aukeren azpitik erabiliko diren lurren kopuru esanguratsua izatea aurreikusten da, eta horrek erantzun bat eman beharreko eszenatoki batean jarriko gaituela aitortzen dute. «Agertoki horri aurrea hartzeko, egungo lurren egoeraren berri izatea ezinbestekoa da. Badakigu diagnostiko teknikoak zer dion, baina zer gertatzen da «terrenoan»? Zein dinamikei erantzuten diete lurrok? Zein da lurrak lantzen dituztenen egoera? Zein lurjabeena?», Goimenetik.

Ekintzak

Aurkezpenak.
Hilaren 27an, 18:00etan Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan; hilaren 28an 18:00etan Zumarragako Zelai Arizti Aretoan.
Hitzaldiak.
Urriaren 4an, 18:00etan Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean; urriaren 5ean ordu berean Ezkioko Udaletxean; urriaren 6an, Gabiriako kultur etxean; eta urriaren 10ean Legazpiko kultur etxean.

Honez gero, eta etorkizunean hartuko diren erabakietan guztion ahotsak gogoan izateko, ekintza desberdinak antolatu dira. «Lehen sektoreko aktibitatea beherantz doa, baserriak hutsik gelditzen. Lurren erabilera-intentsitatea jaisten doa, batzuetan desagertzeraino. Halako kasurik ba al dago gure herrietan? Tokiko administrazioek fokua jarri nahi dugu gai horretan, eta soluzioak bilatzen lagundu. Eraiki dezagun denon artean zer eta nola izatea nahi dugun gurea», diote Goimenetik.

Egitaraua

Testuinguru honetan kokatzen da hurrengo egunetan aurrera eramango diren ekimenen egitaraua. Bi aurkezpen egongo dira, edukia berdina izanik: hilaren 27an (hurrengo asteazkena), arratsaldeko 18:00etan Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan, Ezkio, Gabiria, Itsaso eta Ormaiztegiko herritarrei zuzenduta; eta hilaren 28an (osteguna), arratsaldeko 18:00etan, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako herritarrei zuzenduta.

Bi egun hauetan 2016ko lanaren emaitzak aurkeztuko dira, gaur egun abian den lanaren nondik norakoak azalduko dira, eta hitzaldi bat egongo da lurraldearen funtzio sozialaren inguruan. Gai hauetan aditua den Juan Requejo izango da bertan.

Urrian zehar, aldiz, herri-eskalara jaitsiko dira eta honetarako lau saio aurreikusten dira: urriaren 4an, arratsaldeko 18:00etan, Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean, Urretxu eta Zumarragako herritarrei zuzenduta. «Saiorako sortutako kartografia ekarriko da, eta herritarrekin udalerri horien eremuan gertatzen dena (eta zena) aztertzea da asmoa», Goimenetik.

Urriaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan, Ezkioko udaletxean, Ezkio eta Itsasoko herritarrei zuzenduta aurrera eramango da hi-tzaldia asmo berdinarekin; urriaren 6an, 18:00etan, Gabiriako Kultur Etxean, Gabiria eta Ormaiztegiko herritarrei zuzenduta; eta azkenik, urriaren 10ean, 18:00etan, Legazpiko Kultur Etxean, Legazpiko herritarrei zuzenduta.

Goimenetik gomendatzen dute, aurrerago udaletako saioak egon arren, hasierako aurkezpenetako batera hurbiltzea. «Bai aurkezpenak bai hizketaldia oso lagungarriak suertatuko zaizkizue lan honen abiapuntua eta helburua ulertzeko», azaltzen dute.

Fotos

Vídeos