'Gorputza astinduz' egitasmoan izena emateko azken aukera gaur

Herri eskolako haurrak ikasturte amaierako jaialdian dantzan.
Herri eskolako haurrak ikasturte amaierako jaialdian dantzan. / GALILEA

Lehiakortasuna alde batera utziz, joko desberdinetan murgiltzea du helburu Ganbara Guraso elkarteak antulatutako ekintzak

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Kultura, aisialdi edo kirol ekintzak, festa, joko... ugariak dira herriko Ganbara Guraso elkarteak bultzatzen dituenak, haurrentzako jolasak, ekintzak, tailerrak eta gurasoentzako ikastaroren bat ere aurrera eraman izan dutelarik ikasturtean zehar, herriko jaietan ere beraien harri-koskorra jarri dutelarik. Oraingoan haurrei zuzendutako ekintza batekin datoz, ikasturte berriari begira kirola bultzatzeko aukera eskaintzen dutelarik, eta honetan parte hartzeko epea gaur bertan amaituz.

Ganbara Guraso elkartearen eta Ezkioko Udalaren eskutik, 'Gorputza Astinduz' egitasmoa martxan jarriko da hurrengo hilabetean, honetan 5 eta 12 urte bitarteko haur guztiek parte hartzeko aukera dutelarik, euren denbora librea kirolarekin uztartzeko. Egitasmoa urria eta maiatza bitartean jarriko da martxan Ezkion, ostegunetan arratsaldeko 17:00etatik 18:00ak bitartean aurrera eramango delarik.

«Lehiakortasuna alde batera utzita, gure haurrak kirol, joko eta jolas desberdinetan murgiltzea dugu helburu. Eta gure herriak dituen ezaugarriak kontutan harturik, adin aniztasuna bultzatzea nahiko genuke», azaltzen dute Ganbara Guraso elkartetik.

Izen ematea zabalik egon da udako oporretan zehar eta gaur bertan amaitzen da, honetarako Ezkioko Udaletxeko 943 72 13 03 telefono zenbakira deitu behar delarik.

Bihartik aurrera, antolatzaileek izena eman duten guztiekin harremanetan jarriko dira eta bilera bat antolatuko dute xehetasun guztiak azaltzeko. Gurasoekin harremanetan jartzeko, izena ematerakoan guraso bakoitzari telefono zenbaki bat ematea eskaitzen zaio.

Fotos

Vídeos