Garia ereiten hasi eta gaztain erreak jateko garaia

Baratzea. Garia, marrubiak, gaztainak, azken tomateak... baserriko baratzea bizi-bizirik dago. / IGARTUBEITI
Baratzea. Garia, marrubiak, gaztainak, azken tomateak... baserriko baratzea bizi-bizirik dago. / IGARTUBEITI

Hilabete berria sartzearekin batera baratzea eta ingurunea zaintzeko aholku berriak luzatzen dituzte Igartubeititik

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Urtebete baino gehiago bada Igartubeitikoak baserri pareko baratzea lantzen hasi zirela. Poliki-poliki eta Jakoba Errekondoren aholkuak jarraituz fruitu ederrak lortu dituzte. Hilabetero baratzearen aldaketak zeintzuk izan diren eta gertatuko direnak ere azaltzen dizkigute, honetaz gain Jakoba Errekondok baratzea zaintzeko egin beharrekoak izendatzen dituelarik.

«Honelaxe dio esaera zaharrak: 'azaroko eguna, argitu orduko iluna'. Ederki asko adierazten digu esaera honek azaroan murgildu orduko datorkiguna. Eguna mozten hasi da», diote Igartubeititik.

Garia ereiten hasteko garaia izaten zen azaroa, eta nola ez, gaztaina erreak jateko eta baserrietako su ederra pizteko garaia, neguaren ataria. Besteak beste, honako landaketak egiteko garaia da: marrubia, eskarola, borraja, porrua, ziazerbak, tipulina...

Iaztik Igartubeitiko baratzean dago marrubia eta urria amaiera eta azaroa da hau landatzeko garaia. Marrubia, azaroan landatu eta bere fruitua udaberri amaieran eta udan emango digu. «Ondoren neguan deskantsuan utzi behar zaio», diote baserritik. «Bere usaina dela eta, intsektu asko erakarriko ditu, eta gaitz asko arrapatzeko arriskua du. Horregatik bere inguruan baratxuriak jartzea gomendatzen da, gaitzak ekiditeko», aholkatzen dute.

Bestetik, neguari begira elikagai dotore bati ekiteko azken egunak dira, ziazerba edo «espinaka» delakoa. Lur freskoa gustatzen zaio honi, eta simaur askorekin ondutakoa. «Egun beroetan ureztatzea komeni da; esaterako, lekadunak egon diren lurrean landatzea onuragarria izango zaigu, bertan geratu den nitrogenoa erruz xurgatuko baitu».

Bestalde, azaroan zehar, baserrietan jarduera berezi bat burutzen zen, 'txarri bodak' edo 'puskak' deritzona. Hau da, txerria hil eta odolkiak egiteko unea eta honetarako porrua eta oreganoa behar izaten zuten, eta dute, baserritarrek. Hortik, «txarri bodak eta baratzearen arteko lotura».

Gaztainak

Bada Igartubeiti inguruan beste fruitu eder bat, baserritik esaten duten bezala, askotan jaramon handirik egiten ez dioguna, aspaldidanik ez baita gizakiarentzako elikagaia izan. Baina hala eta guztiz ere misterioz betetako fruitua da, eta berau ematen duen zuhaitza zer esanik ez. «Ezkurraz eta haritzaz ari gara. Hostoak erortzearekin batera, harizti inguruetan ezkur andana ikusiko ditugu lurrean. Igartubeitiko inguruak gaztaina eta ezkurrez josita ditgu oraintxe. Batzuek esaten dute, ezkur ugari izatea aberastasunaren seinale dela. Aurten ezkur ugariko urtea izaten ari da, eta esaerak dioenez 'ezkur urte elur urte'... Kontuak kontu, fruitu hau gaztaina, urra edota intxaurraren pare izan da», diote Igartubeititik.

Baratzea

Hilabete hau hasi berria, Jakoba Errekondok aholku batzuk luzatzen dizkigu oraingoan ere, gure ingurunea eta baratzeak zaindu eta azken hauek etekin handia izan dezaten.

Errekondok dionez, baratzeko belarrak kendu eta tarteka lurra arrotu beharra dago atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan. Lurra lehorra badago, kendutako zenbait belar txar bertan utzi beharko dira lurra goxatzeko eta hezetzeko.

Hego haize zakarreko egunetan baratzeko barazkiak babestu beharko ditugu eta adi ibili beharko gara lehenengo hotz eta izotzaldiekin, landareak estalkiren batekin tapatzea komeni baita.

«Tomateak azkenetan egongo dira. Oraindik alerik baldin badute txapelmoduko bat egin hezetasun eta hotzetik babesteko. Bestetik, hazitarako utzi ditugun fruituak ongi zabaldu eta lehortzen utzi beharko ditugu», dio Errekondok.

Azaroa hilabete aparta dugu neguko zenbait lora landatzeko da: lilipa, nartzisoa, irisa... Bestetik, usaindun loreak, sukalderako, sendabelarrak... biltzeko garaia amaitzear da, beraz orain egitea komeni dela gogoratzen digute baserritik. Eta negurako ganaduarentzako bazka bezala zenbait zuhaitzen aldaxkekin sortak ere egin ditzazkegu, esaterako lizarrarekin.

«Hurritzari adarrak mozteko azken sasoian gaude; ilgoran baldin bada hobe. Eta hosto iraunkorra duten zuhaitz eta zuhaixkak landa-tzeko sasoia ere bada», dio adituak. «Su-egurretarako zuhaitz zehatzak mozteko azken txanpa dugu azaroa ere, esaterako pagoa».

Ordutegia

Azaroa hastearekin batera neguko ordutegia estreinatu dute Igartubeiti Baserri Museokoek, azaroaren 1ean hasi eta otsailaren 28ra arte hau mantenduko delarik.

Horrela, Igartubeiti bisitatzeko ordutegi berria ondorengoa izango da: astelehentik ostiralera, goizeko 10:00etatik 14:00 ak arte; eta larunbata, igande eta jaiegunetan, goizeko 10:00etatik 14:00ak arte eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak bitartean. Astelehenetan itxita egongo da.

Bisita gidatuen ordutegia ondorengoa izango da: goizeko 11:00etan euskaraz, 12:30ean gazteleraz, eta 17:00etan bisitariaren arabera euskaraz edo gazteleraz egingo da.

Fotos

Vídeos