'Haria Galtzen' erakusketa bisitatzeko azken astea

Erakusketa baserrian. / GALILEA

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Ekainaren 10ean inauguratu zen 'Haria Galtzen' erakusketa Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan, egun horretan artista gehienak bertaratu zirelarik zuzenean beraien lanak azalduz. Oraindik ere baserriko txokoak artez betetzen dituen erakusketa honetaz goza-tzeko aukera izango dugu, datorren astea azkena izanik. Erakusketa urriaren 1a arte egongo da baserrian.

'Haria galtzen' zazpi sortzaileren -Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarreta-, lanak erakusten dituen erakusketa kolektiboa da. Artista hauek, beraien artelanen bitartez, gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian. Artelanak baserriko askotariko guneetan erakusten dira eta uztartzen dira Igartubeitiko familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktuekin (artoa), materialekin (maluta, zumea, lihoa, artilea), objektuekin eta baserritarrek burutzen zituzten lan eta zereginekin.

Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela erakutsi nahi du. Era berean, erakusketak zuntz aukera ezberdinak ezagutzera ematen ditu.

Fotos

Vídeos