Ezkiotarren argazki-liburua osatzeko lehenengo pausoak eman dituzte

Errolda. Argazkiak egiteko herriko puntu desberdinetan egingo dira topaguneak. / DV
Errolda. Argazkiak egiteko herriko puntu desberdinetan egingo dira topaguneak. / DV

Ekainean zehar bost egun zehaztu dira, leku desberdinetan, ezkiotarren argazkiak egin ahal izateko

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO EZKIO.

Ezkiotarren argazki-liburua osatzeko proiektuaren berri martxoa erdialdean izan genuen. Herritarren argazkiak eta azalpenak bilduz herritarrekin eta herritarren-tzako liburu bat osatzeko intentzioa azaldu zuelarik Udalak. Ekimena aurrera doa eta ekainean zehar argazkiak egiteko topaguneak finkatu dituzte, ideia honekin aurrera eginez.

Ezkioko Errolda Grafikoa egitasmoarekin aurrera egiteko asmoz, ekainean zehar data eta toki desberdinak finkatu dira liburua osatzeko agazkiak egiteko. Toki hauetan Asier Azarola eta Joxe Mari Gabilondo egongo dira lana burutzeko. Udaletik ezkiotarren parte hartzea eta laguntza eskatzen dute, argazkiak egiteko prest egoteko, denbora tarte txikitxoa izango delako.

Topaguneak

Larunbatean izango da lehenengo topaketa, goizeko 11:00etan Ezkioko Argindegi ostatuan argazkiak egingo direlarik.

Astebete igaro eta ekainaren 23an, larunbata hau ere, gaueko 22:30etan Ezkioko eliz-atarian egongo dira, San Joan suaren ospakizunarekin batera argazkiak ere egingo dituztelarik bertan. Hurrengo egunean, hilak 24 igandea, goizeko 11:00etan elkartuko dira Ezkioko Argindegi ostatuan berriro ere.

Ekaina bukaeran San Pedroko jaiak aprobetxatuko dira lan honetarako eta hilaren 29an, ostirala, Udaletxean egongo dira Azarola eta Gabilondo arratsaldeko 17:00etatik aurrera; azkenik, larunbatean ere toki berdinean goizeko 11:00etan elkartuko dira herritarrekin.

Liburua

Herriko Udalak planteatzen duen ideia, gaur egun Ezkion erroldaturiko guztien argazkiarekin liburu bat egitea da. Liburu honetan herriko familia bakoitzari bi orrialde eskainiko zaizkio: orrialde batean familiaren argazkia jarriko da (dagoeneko kanpoan dauden seme-alabak ere ager daitezke hemen); eta bestean Ezkion erroldaturik daudenak bakarrik agertuko dira banan banan.

«Jakina, honelako liburu batek urteak aurrera joana ahala, gero eta balio handiagoa du», azaltzen dute Udaletik.

Argazkitaz aparte ahots-grabazioak ere egingo dira eta aukeratutako pasarteen traskripzioak argazkien ondoan agertuko dira. Hori bai, grabazioak eta traskripzioak liburuen egileek aukeratuko dituzte, herritar guztienak egitea ezinezkoa baita.

«Zer egin nahi den ulertzeko Leintz Gatzagan egindako liburua ('Ga-tza') ikustea gomendatzen da, eta hango liburuen ale bana Argindegi ostatuan eta Goza ostatuan daude ikusteko», gogoratzen dute Udaletik. Ezkioren kasuan, Gatza liburuarekin konparatuz, non argazki guztien atzekaldea beltza da, bakoitzak aukeratuko du nola nahi duen: atzealdea beltza edo norberaren baserri edo etxeko txokoren bateko argazkia.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos