Ezkiotarren argazki-liburua osatzeko ekimen berria abian

Argazki-liburua. Gatza da eredua./ARGINDEGI
Argazki-liburua. Gatza da eredua. / ARGINDEGI

Liburu honetan, Ezkioko familia bakoitzari bi orrialde eskainiko zaizkio; ahots-grabazioak ere egingo dira, argazkien ondoan azaltzeko

MIRYAM GALILEAEZKIO.

Egitasmo eder bat sortu da herrian eta Ezkioko Udalaren oniritziarekin, aurrera egin du. Herritarren datu, argazki eta azalpen guztiak bildu ondoren, ezkiotarrak protagonistak, herriko argazki-liburua osatuko da. « Ideia da gaur egun Ezkion erroldaturiko guztien argazkiarekin liburu bat egitea. Zer egin nahi den ulertzeko Leintz Gatzagan egindakoa (Gatza) ikustea gomendatzen da, eta hango liburuen ale bana Argindegi ostatuan eta Goza ostatuan daude ikusteko», azaltzen dute Udaletik.

Familia bakoitzari bi orrialde eskainiko zaizkio. Orrialde batean familiaren argazkia jarriko da (dagoeneko kanpoan dauden seme-alabak ere ager daitezke hemen). Eta beste orrialdean aldiz Ezkion erroldaturik daudenak bakarrik agertuko dira banan banan.

Gatza liburuarekin konparatuz, bertan argazki guztien atzealdea beltza da. «Ezkion bakoitzak aukeratuko du atzealdea beltza nahi duen edo bere baserri edo etxeko txokoren batean egin nahi duen argazkia», Udalak.

Baserrietatik hasiko dira

Egileak Asier Azarola eta Joxe Mari Gabilondo izango dira, eta Udalak erregutzen du, heritarrekin harremanetan jartzen direnean eurek laguntza eskaintzea. Azaltzen dutenez, herriko baserrietatik hasiko dira, batez ere adineko jendea dagoen etxeetatik.

«Jakina, honelako liburu batek urteak aurrera joana ahala, gero eta balio handiagoa du», diote.

Ahots-grabazioak ere egingo dira eta aukeratutako pasarteen traskripzioak argazkien ondoan agertuko dira. Grabazioak eta traskripzioak liburuen egileek aukeratuko dituzte, herritar guztienak egitea ezinezkoa baita.Proiektu honen inguruko zalantzak argitzeko edo informazio gehiago eskatzeko deitu 607 382825 telefono zenbakira (Joxe Mari Gabilondo).

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos