Euskara ikasteko eskaintza Uema eta Udalaren esku

Udala. Eskaintza Udala eta UEMAren esku. / GALILEA
Udala. Eskaintza Udala eta UEMAren esku. / GALILEA

GALILEA EZKIO.

Ezkioko Udalak UEMArekin elkarlanean 2017/2018 ikasturtean ere euskara ikastaroak herrian bertan eskaintzeko baliabideak jarriko dituela jakinarazi die Ezkioko herritarrei, hauetan izena eman nahi dutenek aukera zabalik dutelarik dagoeneko.

Ezkio bezalako herri euskaldunetan, euskara ezagutzeak duen garrantzia kontutan hartuta, beste urte batez ahalegin berezia egin nahi izan dute UEMA eta Udaletik, euskara ikasteko edo hobetzeko pausoa ematera herritarrak animatuz.

Behe, erdi eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza egingo da eta izena ematen dutenen artean ordutegiak eta mailak kontutan hartuta, taldeak sortzeko aukera aztertuko da.

Taldea sortzeko gutxieneko kopurura iritsiz gero, ikastaroak herrian bertan eskainiko dira. Urtero bezala, herrian sortzen diren ikastaro guztiak Udalak diruz lagunduko ditu.

Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko eta hilaren 25a (hurrengo astelehena) arte luzatuko da. Izena emandako guztiei bilera baterako deialdia egingo zaie epea amaitu eta egun gutxira.

Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko Ezkioko udaletxera deitu beharko da 943 73 13 03 telefono zenbakira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos