Errigora ekimenaren kutxak eskatzeko aukera zabalik

Errigora. Produktu desberdinez osatutako kutxa. /  GALILEA
Errigora. Produktu desberdinez osatutako kutxa. / GALILEA

Kutxa zuria edota beltza asteartera arte eskatu ahalko dira, herriko udaletxera deituz

M.G. EZKIO.

Errigora ekimena gure artean dugu aurten ere eta Ezkioko Udalaren eskutik bi kutxa desberdin eskuratzeko aukera zabaltzen zaie herritarrei, eskariak egiteko epea hurrengo asteartera arte zabalik egongo delarik.

Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta «euskara ofiziala ez den zonaldean» eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Norabide horretan, egunetik egunera gero eta zabalagoa den lagunarte batek ematen dio gorputza ekimenari, «ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osotutako sare anitz batek», azaltzen dute.

Errigora ekimen honek bi helburu ditu. Alde batetik, Nafarroa hegoaldeko laborantzako elikagaiak zuzenean gure etxera ekartzea dago; eta bestetik, dirua biltzea Nafarroa hegoaldeko euskararen normalizaziorako: aurten Lodosa, Tutera eta Vianako ikastolen biziraupenerako, Erriberako AEK indartzeko eta D ereduko lerroak babesteko eta zabaltzeko dinamikak biderkatzeko erabaliko delarik.

Txuria edota beltza

Aurtengoan ere produktu desberdinez osatutako bi kutxa proposatzen dituzte Errigoratik, bakoitzaren prezioa 50 eurokoa izanik.

Kutxa Zurian, orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, ozpina, melokotoia almibarrean, pasta, arroza, pikillo piper mamia, patxaran pastak, molineritoak, tomatea olioarekin eta teilak ditugu. Kutxa Beltzan berriz, orburuak, zainzuriak, pikillo piperrak, ardoa, ozpina, melokotoia almibarrean, potxak, aran marmelada, mahats zukua, almendrak, oliba olioa, pikillo saltsa eta kardoak aurkituko ditugu.

Kutxa zuria, beltza edo biak eskuratzeko aukera zabalik dago dagoeneko, eskaera egiteko epea asteartean, azaroak 14, amaituko delarik. Honetarako Udaletxera deitu 943 72 13 03 telefonora eta izena eta telefonoa eman. Eskaera egiterakoan Kutxa zuria ala Kutxa beltza ala biak nahi diren esan beharko da.

Fotos

Vídeos