Erretaularen zaharberritzeak mugimendua ekarri du herrira

Erretaula. Zaharberritze obrak aurrera doaz San Bartolome parrokian.
Erretaula. Zaharberritze obrak aurrera doaz San Bartolome parrokian. / I.A.B.

Hilaren 21ean XVI. mendeko historiatzaile aditua den Pedro Etxeberria Goñi izango da

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Uztailaren hasieran aurrera egin zuten lanek Itsasoko San Bartolome parrokiako erretaulan, hau guztiz zaharberritzeko. Equipo7 taldeko profesionalak dira egunero bertan lanean ari direnak, eta hasiera batetik esan zuten bezala, gure erretaula garrantzi handiko pieza da dituen berezitasunengatik.

«Gaur egun zaharberritze prozesu batean dugun lehentasuna pieza originala mantentzea da, hau da, Juan de Lizarazuk egin zuen hura. Horrelatik euskarri fisikoa leheneratzen dugu: bernizak, oxidatuak, kandelek utzitako kendarra... desagertaraztea», azaltzen zuen Equipo7ko zuzendaria den Javier de Miguelek.

Herritarrek, egiten ari diren lanak eta eliza barruan duten altxor hau ezagutu dezaten, lehenengo hitzaldiak antolatu ziren herriko San Bartolome jaietan, abuztuan; aurrerantzean ere aditu desberdinen hitzaldiak aurrera eramango dira, eta Foru Aldundiak ere argazkilari bat kontratatu du guztiaren irudiak biltzeko. Beraz, zaharberritze honek mugimendu artistiko handia ekarri du herrira.

Abuztuan aurrera eramandako hitzaldiak lanean ari diren Equipo7 taldeko Javier de Miguelek aurrera eraman zituen, honetan bere testuinguru historikoa eta artistikoa zabaldu zituelarik. «Eliza jendez gainezka, 30 argazki baino gehiagorekin hurbiletik xehetasunez en-tzutea eta haren eskutik artelan horren barruan murgildu ginen», azaltzen dute itsasoarrek.

Ekitaldi berriak

Erretaulari buruzko aurkikuntza berriak izan ditugu azken asteetan, bertara igo gabe ikusi ezin litezkeenak; miniatura ugari, besteak beste. «Esate baterako, sorpresatako bat izan da hirugarren solairuan, albo banatan, 1540.ean (H) Itsaso idatzita, bere estandarte, bandera eta ospakizun jantziekin azaltzea (ziur aski San Bartolome egunean prozesio eta dantzarako)», azaltzen du Pilare Muxika itsasoarrak.

Bestetik, laster erretaularen inguruko beste hitzaldi bat izango dugu. «Ikerlari askorentzat gai bihurtzen ari da eta aprobetxatu behar dugu aukera hau geu janzteko eta aberasteko», dio Muxikak. Honen ildoan, irailaren 21ean XVI. mendeko historiatzaile aditua den Pedro Etxeberria Goñi izango dugu gure artean: «bere irizpideak aintzat hartuko ditu errepinteen eta errepolikromien artean bereizteko. Horren arabera, dituen hiru kapetatik bistara zein uztea erabakiko da», azaltzen du. Bestalde, urrirako Alberto Santanaren bisita ere espero da.

Argazkiak

Foru Aldundiak kontratatuta, Juantxo Egaña argazkilaria hurbilduko da Itsasora ere, erretaularen txoko guztiei zehatz mehatz argazkiak egiteko. «Andamioak aprobetxatuz, prozesuan zehar dena argazkitanjaso dezan, baita filigrana, miniatura guztiak ere, gerora beste ikerketa batzuen oinarri sendoa izateko», azaltzen digu Muxikak.

Bestetik, Arkeolan enpresako Josue Susperregi ere bertan egon da «endocronologia» bat egin diolarik erretaulari, zein garaiko den datatzeko froga izanik.

Fotos

Vídeos