Erretaula berrituta, udaberri aldera ospatuko dute inaugurazioa

Orain. Erretaula berrituta gaur egun. / GALILEA
Orain. Erretaula berrituta gaur egun. / GALILEA

Igande honetan goizeko 11:00etan apezpikua izango dugu meza ematen San Bartolome parrokian. Bertan jasotako datu guztiekin argitalpen bat prestatzen ari dira Foru Aldundian

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Hilabeteak izan dira lanean Itsasoko San Bartolome parrokiko erretaula zaharberritzen eta abendu amaieran aldamioak kendu zituzten honen edertasuna begi guztietara zabalduz. Koloreak, miniaturak, paisaiak... ugariak izan dira aurkikuntzak eta hauek guztiek erretaularen balioa berretsi dute lehengoaz gain.

Aditu ugarik ere gerturatu nahi izan dute herrira erretaula gertutik ezagutzeko, eta herritarrentzat bisita gidatu desberdinak prestatu dira, aldamioetara igo eta artelan eder hauek gertu gertutik ezagutu ahal izateko. Orain, Diputazioak jasotako datu guztien bilketarekin publikazio bat egiteko intentzioa du eta hau eskuetan dutela, udaberri aldera herritar eta gerturatu nahi duten guztientzat ere inaugurazio ekitaldi bat antolatuko dute herrian. Hala ere, aldamioak kendu berri direla, igande honetan apezpikua izango dugu meza ematen San Bartolome elizan, goizeko 11:00etan.

Equipo 7 enpresa bizkaitarra ibili da lanean erretaulan, berak lortu baitzuen konkurtsora atera zen deialdian sarbidea.Foru Aldundiko Ondare Atalak, adituekin batera, aurreikusitako pausuak jarraitu dituzte buru belarri. Esate baterako, XVI, XVIII eta XIX. mendeko polikromiak egonda, zein utzi? Zein kendu eta zein zaharberritu? Erabaki hauek guztiak Diputaziotik aditu taldean hartu dira: ikerketa kimiko ugari egin dituzte erretaulan eta balioaren arabera bata edo beste berreskuratu da.

Poliki poliki apaingarri eta marrazki baliotsuak azaltzen joan dira erretaulan eta era globalean begiratuta liluragarri dago momentu honetan.

Fondoa gorriz margotuta edo purpurina ugari gainean izanda egon da urtetan eta hauek altxa-tzeko momentuan paisai dotoreak agertu dira. «Gipuzkoako lehenengo paisai naturalista» topatu dute erretaula honetan, Alberto Santanaren esanetan. Topatutako margoekin jakin ahal izan da ere XVI. mendean Erroman nola margotzen zuten bazekitela, hau perspektibek eta marrazkiek adierazten baitigute. «Historialariek esan digute garai hartan Itsaso erdi erdian eta punta puntan zegoela, burujabe. Herri baten autoestimua da. Eta orduan artean inbertitzea erabaki zuten. Hauxe adierazten dute bi alboetan agertzen diren Itsaso izena daramaten bi abanderatuek (Hicjaso)», azaltzen du Maite Salutregi itsasoarrak.

Bestetik, oso bitxia omen da ere San Bartolome eserita aurkitzea, normalean zutik baitako herensugea kate batez lotuta. Eskultura hau Juan de Lizarazuk egindakoa da, momentu horretan ospe eta jakituria handiko eskultorea izateaz gain «maestre» ere bazena (arkitektoa). «Badakigu obra konkurtsora atera zela eta Juan de Lizarazuk gremio guztiak kontratatzeko ardura hartu zuela. Eta polikroma-tzeko momentu hartan zegoen margolaririk handiena kontratatu zuen, Tomás de Oñate, hain zuzen ere. Honela, Tomás de Oñatek Juan de Lizarazuren lana guztiz aberasten du eta bien arteko sorkuntza lan aparta bilakatu. Ez da beste horrelakorik ezagutzen; puntako bi genio obra bakarrean», azaltzen du Maite Salutregik.

Bitxikeri gisa ere, esan dezakegu erretaula honetan motibo pagano ugari daudela: ibilak, gruteskoak, humanoideak, animali fantastikoak... Eta aurkikuntza hauek guztiak ezagutzeko Foru Aldundiak prestatuko duen argitalpenarekin udaberri aldera inaugurazio artistiko eta historikoa burutuko da Itsason, honek merezi duen zabalkundea eskainiz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos