Errepidea, espaloia eta gas-sarea hobetzeko lanak martxan dira

Lanak. Zirkulazioa mantsotzeko bigarren fasea hasi da, honekin batera lan desberdinak eginez.
Lanak. Zirkulazioa mantsotzeko bigarren fasea hasi da, honekin batera lan desberdinak eginez. / GALILEA

Foru Aldundiak eta Ezkioko Udalak elkarlanean burutuko dituzte obrak, lau hilabeteko epea aurreikusten dutelarik

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Asteartean hasi ziren obrak Santa Lutzi auzoa zeharkatzen duen errepidean, bertan errepidea bera, espaloia eta gas hornidura sarea hobetzeko ere aprobetxatuko delarik.

Gipuzkoako Foru Aldundia «GI-2632 errepidean, Ezkioko zeharbidean zirkulazioa mantsotzeko bigarren fasea» proiektuko obrekin hasi da dagoeneko, hauek guztiak burutzeko lau hilabeteko epea aurreikusten delarik.

«Foru Aldundia eta Ezkioko Udalaren arteko elkarlanaren ondorioz aurrera eramango dira obra hauek. Foru Aldundiak egingo du gehiengoa baina errepidea altxatzen dela aprobetxatuz gasa sartuko dugu eta azken hau Udalaren kontu izango da», azaltzen du Jose Ignacio Etxezarreta Ezkioko alkateak.

Errepidean egingo diren obrekin batera, espaloi berria gauzatuko da eta esan bezala, gas eta ur hornidura sareak hobetuko dira. «Momentuz gasaz aparte besterik ez dago zehaztuta baina baliteke beste zerbait erabakitzea, errepidea horrela egotea aprobetxatuz lan desberdinak egiteko, eta hauek guztiak Udalak ordainduko lituzke», alkateak.

Eragozpenak

Jakina da horrelako obrak eragozpen ugari ekartzen dituztela eta horregatik Udaletik denon laguntza eskatzen dute lanak ahalik eta txukunen burutzeko: «jakitun gara obrak irauten duten bitartean hainbat eragozpen eta arazo suertatuko direla, eta horregatik herritarren laguntza eskatzen dugu», Udalak.

Bestalde, errepidea altxatuta dagoenez, autobus geltokiak jatorrizko lekutik mugitu behar dira, beraz, hasiera batean Ormaiztegi norabidean geltokia Miranda Baserriaren parean izango da, eta Zumarraga norabidean Topa taberna parean kokatuko da. Dena den, eta obrak aurrera joan ahala posible da bestelako aldaketaren bat ere egin behar izatea.

Egin behar diren lanei buruz edozein zalantza edo informazioa nahi izanez gero Udaletxera deitu besterik ez da egin behar, 943 72 13 03 telefono zenbakira.

Fotos

Vídeos