Errekabarrenako zabor-gunean birziklatzeko arazo handiak daude

Errekabarrena. Zabor-gunearen ondoan zaborra lurrean pilatuta. / GALILEA

Zabor-guneko hesitik kanpo Garbigunera eraman beharreko hondakin ugari topatzen dira ia egunero

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Zabor bilketaren sistema orain dela hiru urte aldatu zen orduan Ezkio-Itsaso herrian, honekin hobeto eta gehiago birziklatzeko helburua zegoelarik. Ekainean datu-bilketa bat egin zen eta lortutako emaitzak ez ziren batere onak izan, gure eskualdean Ezkio eta Itsaso azken tokian kokatuz. Egoera honi buelta emateko Ezkioko Udalak eskari bat luzatu zien bizilagunei. Hiru hilabete pasa dira ordutik eta emaitzak ez dira aldatu, lekurik gatazkatsuena Errekabarrenako zabor-gunea izanik.

Bere garaian Udalak egindako hausnarketaren ondoren, 2014. urtean zabor bilketa egiteko era aldatu zen, betiere pentsatuta horrekin arazo honi irtenbide egoki bat emango zitzaiola eta birziklatze portzentaiak hobetzen joango zirela. «Bi urte luze hauek igaro ondoren, emaitzak ez ziren espero bezain onak izan, guztiz aldarantziz eskualdeko emaitzik txarrenetakoak izan genituen. Eta hau ikusita ahalegin bat eskatu zitzaien bizilagunei birziklatze prozesua behar den moduan egiteko, eta horretarako edokiontziak modu egokian erabiliz, egoera honi buelta emateko», azaltzen du Jose Ignacio Etxezarreta alkateak. Uda pasa da eta alkateak dionez, datuak ez dira hobetu: «Sasietako arduradunekin bilera bat dugu egiteke baina ditugun emaitzak ez dira batere onak, beraz zerbait egin beharko da», dio.

«Arazorik larriena Errekabarrena auzoko zabor-gunean dugu eta ez zaborontziak gaizki erabiltzeagatik, baizik eta bertan eta hesitik kanpo hondakin ugari azaltzen direlako: garbiketako materiala, obra materiala, ganbarak edo hustu izanaren hondakinak... Azken finean Garbigunera eraman beharko litzatekenak. Gertatu da ere ez bakarrik zabor-gunearen ondoan, errotondan ere hondakinak aurkitzea, eta horrela ezin dugu jarraitu», aitortzen du alkateak.

Datuak

Urola Garaia eta Goierriko 24 herrien datuak jasotzen dituen taula begiratuz (bertan Ezkio eta Itsasoko datuak bateratuta daudelarik), bi herriak azken postuan sailkatzen dira birziklapenari dagokionez, %44,3a sailkatzea lortzen delarik.

Gure bailarako herriekin konparaketa eginda Ezkio eta Itsaso ez dira batere ondo kokatzen: Legazpin %76,9% birziklatzen da; Urretxun, %74a; eta Zumarragan %60,9a. Datu hauek ekaina arte jasotakoak dira.

Zabortegira joaten diren hondakinak eta birziklatzen den kopuruari erreparatuz argiago ikusi daiteke gure herrien errealitatea. Aurtengo lehenengo lau hilabeteetako datuen arabera, urtarriletik apirilera, lehengo hiruetan hondakinen erdia soilik birziklatu zen eta apirilari dagokionez okertu egin ziren emaitzak, hauen %32a berziklatzeko ontzietara joan zelarik.

«Azken hilabeteetako datuen zai gaude eta jasotzen ditugun emaitzen arabera ikusiko dugu momentu honetan dagoen sistema mantentzea dugun edo berri bat jarri behar den», azaltzen du Ezkioko alkateak.

Fotos

Vídeos