Erdi Aroko musika igandean, Emilio Villalba eta Sara Marinaren eskutik

Musikariak. Erdi Aroko Musika eta instrumentuekin lan sakonak etra anitzak egiten dituzte. / IGARTUBEITI

Kontzertura joateko doako autobusa egongo da arratsaldeko 17:30ean Zumarragako Elizkaletik abiatuta

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Erdi Aroko musikak eta instrumentu desberdinak ezagutzeko aukera izaten dugu urtero Igartubeitiko dolarean, aurten honetarako aukeratu duten data urriaren 1a, igandea, izango delarik. Oraingoan Emilio Villalbak eta Sara Marinak eskainiko dute ekitaldia, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Igartubeititik azaltzen dutenaren arabera, Emilio Villalba eta Sara Marina musika eta instrumentu historikoak ikertzen, berreskuratzen eta hedatzen espezializatutako musikariak dira batik bat, VIII.-XVI. mendeen arteko garai artistikokoak hain zuzen. Sei urte baino gehiago daramatzate kontzertuak elkarrekin ematen, estatu mailan, Portugalen eta baita Frantzian ere.

«Ikerketa eta ikasketa bide amaigabe horretan luthier askoren laguntzarekin 40 instrumentu historiko baino gehiago berregin dituzte. Euren ikuskizun musikalak eszenako benetako doinu museo bihurtzen dira; izan ere, musika horiek instrumentu mota askorekin interpretatzen dituzte: biolak, salterioak, zarrabetea, clavisimbaluma, organettoa, lautak...», azaltzen dute museotik.

Villalbak eta Marinak orain arte hiru disko argitaratu dituzte: 'El Doncel del Mar, melodías medievales desde Estambul a costa da morte' (2014) izenekoa, lan didaktiko berezia; 'Música para Princesas, Dragones y Caballeros, música medieval para niños»' (2015), RNE klasikoak hautatu eta zuzenenean eman zuena Radio Clásica-ko 50. urteurrenean, Martin LLade, duela gutxi Ondas Saria jaso zuenak aurkeztua. Eta azken lana 'Al Andalus' izenekoa, andalustar musika eta poesia jaso-tzen duena.

«Bikote honek, baita ere, hezkun-tza tailerrak, konferentziak eta erakusketak egiten ditu 'Instrumentos Musicales con Historia' bildumarekin. Gaur egun, ikuskizun didaktiko berriak ari dira prestatzen instrumentu historikoak eta antzinako musikei buruzko ikus-entzunezko hezitzaileak jotzen ikasteko», diote Igartubeititik. Elkarrekin sortu dute Historiadun Musika Instrumentuen Fundazioa.

Kontzertua igandean, urriak 1, arratsaldeko 18:00etan izango da baserriko dolarean. Bertara joateko, urtero bezala, doako autobus zerbitzua eskainiko da, hau arratsaldeko 17:30etan irtengo delarik Zumarragako Elizkaletik.

Egitaraua

Bederatzi obraz gozatzeko aukera izango dugu igandean. Emilio Villalbak tekladun biola, zarrabetea, arrana, lautea, giterna, arpa gotikoa eta erdi aroko biola jotzen ditu; Sara Marinak berriz clavisimbalum, organetto, germaniar lira, darbouka, panderoak eta narrazioa.

Aukeratutako lanak ondorengoak izango dira: 'Sack pist last', Suediar dantza ezezaguna; 'Ductia', Dan-tza ezezeguna, XIV. mendekoa; 'El viaje de Ziryab', Andalustar ezezaguna; 'Trotto', Italiar ezezaguna, XIV. mendekoa; 'VII Estampida Real.- Erregearen eskuizkribua', XIII. mendekoa; 'Deum Pater - Codex Calixtino-a', XII. mendekoa; 'Cantiga tres colores.- Alfonso X el Sabioren Santa María Kantiga', XIII. mendekoa; 'Danza macabra', Italiar ezezaguna, XIV. mendekoa; eta 'Danza celta', Bretoi ezezaguna.

Fotos

Vídeos