Emakumeak, elizaren bihotzean

Protagonistak. Itsason eta Alegian egiten dute igandetan lan. / GALILEA
Protagonistak. Itsason eta Alegian egiten dute igandetan lan. / GALILEA

Hamar urte dira lan hau egiten dutela, igandero eta atsedenik gabe, eliza bizirik mantentzen laguntzen dutelarik. Apaiza ez dagoenean, bi astetan behin, Liturgia ospatzen dute emakume hauek

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Hamar urte inguru izango dira herriko emakume talde batek elizako laguntzaile izatetik soilik protagonismo berezia izatera pasa zirela: apaiza meza ospatzen ez duen igandetan, bi astetan behin, Liturgia ospatzen dute herriko elizak biziak eta zabalik mantenduz. Gutxi ezagututako lana aurrera eramaten dute emakume hauek, baina balore handikoa da egiten dutena, beraiei esker igandero eliza zabaldu eta ospakizunak aurrera eramaten direlarik.

Kruzita Mendia (82 urte) eta Mila Odriozola (74 urte), Alegiko elizan; eta Genara Toledo (81 urte) eta Malen Gorrotxategi (81 urte) Itsasoko parrokian, urte osoan zehar, igandero laguntzen dute meza eta elizkizunetan. «Eliza garbitu, loreak jarri, liburua prestatu, eguneko apaizaren jantzia prest utzi... Apaiza etortzen denerako, meza ospatzeko beharrezkoa den guztia behar duen tokian dago», azaltzen dute emakumeek.

Urtetan igandero horrela izan da, apaiza elizara jaietan joan eta meza ospatu izan duelarik, orain dela hamar urte arte. «Orduko apaiza Clemente genuen, diabetikoa zen eta azkenean itxu geratu zen. Hantxe hasi ginen laguntzen; gero etorri zen Ormaiztegikoa eta hura meza astean bitan egiten zuenez, aurrera beste pauso bat eman genuen. Beasaineko Joxe Ignacio Aramburu eta Belén Callejo engantxatu ninduten ni», azaltzen du Genara Toledok. «Hauek etorri ziren Itsasoko elizara eta pantalla jarri zuten bertan. Orduan nigatik galdetu eta Sakristiara deitu ninduten (norbaitek emango zien gure izena), eta orduan hasi ginen», dio.

Hitzarmena

Asteburu batean Itsasoko parrokian eta hurrengoan Alegiakoan elizkizunak ematen hasi zen apaiza orduan, txandaka, eta gure emakumeen lana areagotu zen: apaiza elizkizunak aurrera eramaten ez zituen igandetan, eliza zabaldu eta Liturgia ospatzen hasi ziren hauek.

«Uriartek eman zigun baimena, Apezpikutzarekin hitzarmen bat sinatu genuelarik. Beasainen zegoen taldea izan zen hau suspertu eta martxan jarri zuena; hauek gaur egun ere guztien artean banatzen dituzte lanak eta obligazioak: gaixoei bisitak, katekesia, Caritas, eliza prestatzea... astero badakite zer daukaten; Ormaiztegin ere taldetxoa dago. Gure kasua desberdina da. Hemen Itsason ez dago hainbeste zereginik eta ezta Alegian ere», azaltzen du Mila Odriozolak.

Inguruko herrietako elizetan laguntzen aritzen ziren emakumeak, Itsasokoak barne, Ormaiztegin egin zuten bilera eta bertan eman zieten Liturgia ospatzeko baimena: «Diploma bat eman ziguten, bere kandelarekin batera, eta han hartu genuen konpromezua. Printzipioz hiru urterako obligazioa izango zela esan ziguten, urte hauek bete eta geuk utzi eta beste batek hartzeko kondizioan; baina oraindik ez dute inor ekarri, beraz hemen jarraitzen dugu lanean», azaltzen dute.

Itsason jaioa, Beasainen bizi den Arantxa Nazabal izan zen emakume hauek prestatu zituena. «Debozio handiko emakumea da Arantxa, liturgia prestatu eta azalpenak ematen dituena; berak erakutsi zigun nola egin behar genuen. Horrela, apaiza ez dagoenean Liturgia ematen dugu, konsagrazioarik ez dugu egiten, liturgia irakurri soilik», azaltzen dute.

Baina aurrera eramaten dutena ez da lan xumea, hartutako konpromezua urte guztian zehar mantendu eta errespetatzen dutelarik; bai erlijiosoki eta baita sozialki ere lan handia eta garrantzizkoa egiten dute emakume hauek: «ezin gara gaixorik jarri», diote txantxetan.

«Gertatzen dena da obligazio batzuk hartu ditugula, iganderoko bete beharrak: zapiak garbitu, lorak jarri, dena prestatu... Ardura asko daude», diote. «Igandeko meza goizeko 11:00etan hasten da eta gu 10:30ak aldera azaltzen gara elizan. Gaixo baldin bagaude, -ez diogula gaixo egoten uzten gure buruari-, beheko elizakoei eskatzen diegu laguntza; edo alderantziz», diote.

Baina iganderoko ospakizunak ez dira elizan antolatzen diren festa bakarrak: «urtean behin elizako taldeak Alegiko eliza goitik behera garbitzen du, txiki da, eta txandaka egiten dugu; Madalenetarako adibidez, garbiketa orokorra egiten dugu», dio Mila Odriozolak.

«Ostiral Santuko San Lorentzoko gurutz bidea ere egiten dugu, lehengo ohitura mantenduz. Kalbarioa egiten dugu, irakurtzen, abesten eta otoitz egiten; bat aurrekaldean jartzen da gurutzearekin eta kalbarioa egiten dugu San Loren-tzo ermitan amaituz. Kizkitzan ere ibiltzen gara behar denean. Behin erramuak bedeinkatzea ere tokatu zitzaigun!», dio Genara Toledok.

Bolondresa

Herriko Eliz Juntaren parte dira emakume hauek. Lan potoloak egin behar direnean guztien parte hartzea dago dudarik gabe, baina iganderokoa beraien ardura da.

Lau herritar hauen lanari konkretuki, duen balioa eman behar zaio, urte guztian zehar, igandero, gogoz eta zintzo eliza zabaldu eta bertan ospakizun bat aurrera eramatea posible egiten dutelako. Igandero elkartu eta otoitz egiteko ohitura ez galtzeko, Jainkoan sinisten dutelako, edo laguntzeko prest egon izan direlako beti, beraiei esker daude jaiero zabalik herriko bi elizak; eta bidea ez da erraza izan, hizkuntza edo jendearen aurrean jartzea kostata egin baitute kasu batzuetan.

«Euskaraz irakurtzen ere orain dela gutxi ikasi dugu. Gure garaian eskolan dena erderaz ikasten genuen, idatzi eta irakurri ere, eta nahiz eta gure hizkuntza euskara izan, honetan irakurtzea asko kostatzen zitzaigun hasieran; Doktrina euskaraz egiten dugu. Guretzako ere irakurtzea eta mikrofono baten aurrean jartzea ez da erraza izan. Igande askotan eliza ez da betetzen baina hileta batean edo bestelako ospakizun berezietan hau betetzen denean lan berdina egiten dugu; jende asko edo gutxi egon, lana berdina da», azaltzen dute.

Bizitza aurrera doa eta emakume hauen adina ere gora noski, oraindik ere sasoiean lanean gogoz jarrai-tzen dutelarik; baina errelebo falta dagoela diote, hala ere, ahal duten bitartean, lanean jarraituko dute herriko elizetan, beraiek baitira elizetako bihotzak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos