Dekorazio teknika desberdinak erabiliz, bankutxo dotore bat egin

Taldea. Hamahiru emakume daude aurten.
Taldea. Hamahiru emakume daude aurten. / ARGAZKIAK GALILEA

Ostiralean amaituko da dekorazio tekniken ikastaroa, aurtengoan hamahiru parte hartzaile izan direlarik

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Dekorazio teknikak ikasi , altzariak zaharberritu, margotze-teknikak, argazkilaritza... eskulan-artelan mundu honetan murgiltzea gustuko dute ezkiotarrek eta momentuko eskaintzaren arabera, taldea sortzen da, eta ikastaroak antolatzen dira, anitzetan parte hartzeko aukera zabaltzen delarik herrian, orokorrean Yartu Kultura elkarteak sustaturik. Azkena «dekorazio teknikak» ikastaroa dugu, hilabete honetan aurrera eramaten ari dena.

Bankutxo bat egin, zura pintatu, plantillak erabili, tranferra egin... eta tapizatu eta oihala margotu dira hiru egunetan zehar, egunean hiru orduz, egingo dituzten lan guztiak. Uztailan zehar hiru egunetan elkartuko dira (uztailaren 14, 21 eta 28an hain zuzen), aste hau azkena izango delarik. Arratsaldeko hiru ordutan zehar lana gogoz egiten aritzen dira hamahiru emakume parte hartzaileak.

Bigarren urtea da «dekorazio teknikak» izenburupean ikastaroa antolatzen dela herrian, aurreko urtean bederatzi parte hartzaile elkartu zirelarik, hauetako gehiengoak aurten ere errepikatuz. Hasieran teknikak ezagutu eta lantxo desberdinak egitea izan zuten helburu, baina aurten bi aukera jarri zituzten irakasleek mahai gainean: alpargatak eta minbrezko kapazoaren dekorazioa, edo bankutxoa egitea; bankutxoak irabazi zuen. «Talde heterogeneo handia zela ikusita eta guztira bederatzi orduko ikastaroa aurrean genuela kontutan hartuz, bakoitzak aukeratutako lana egitea ez zela aproposa ikusi genuen, ganorazko zerbait lortzea nahi bagenuen, proiektu bakarrari heldu behar genion, eta bi aukera aurkeztu genizkien parte hartzaileei. Hamabik kutxa aukeratu zuten, eta bakarrak kapazo eta alpargatak; beraz hortan gaude», azaltzen du Maite Fernández irakasleak.

Maite Fernandez eta Helena Herrerosek elkarlanean aritzen dira ikastaroan. Lehenengo egunean egurra dekoratzeko hiru teknika desberdinen muestrak egin zituzten, bakoitzak gustukoena aukeratzeko; bigarren egunean kutxak lijatu eta kolorea aukeratu ondoren hau margotzeari ekin zioten; eta hirugarren egunean, ostirala honetan, tapizatu eta oihala margotuko dute. «Oso gustura ari dira lanean eta aurretik egindako lana ere nabaria da eskua eta eskarmentua badutelako gehienek. Oso pozik etortzen dira eta ondo pasatzen dugu elkarrekin», azaltzen du Helena Herrerosek.

Fotos

Vídeos