San Bartolome jaiek ekintza ugariekin datoz

Abuztuaren 23an hasi eta bost egunetan zehar festa giro ederraz gozatzeko aukera egongo da

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Herrian ospatu genituen azken jaiak Madalenak izan ziren eta hemendik gutxira berriro ere festa giroa izango dugu Itsason, oraingoan herrigunean, abuztuaren 23tik aurrera San Bartolome festak izango ditugularik. Bost egunetan zehar ekintzez jositako egitaraua prestatu dute, musika, lehiaketa, joku eta giro ederra sortuko delarik.

Urtero bezala pilota express txapelketarekin martxa hartuko dute jaiek asteazkenean (abuztuak 23) arratsaldeko 18:00etan, eta ondoren Herri Afaria aurrera eramango da Elorza eta Iñaki Larrañaga trikitilariak eta Maialen Akizu eta Julio Soto bertsolariekin primeran pasatzeko.

Ostegunean berriz, San Bartolome Eguna ospatuko da Itsason, jaietako egun handia, eta horrela izanda egun osoan zehar adin guztientzako ekintzak aurrera eramango dira. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia ospatuko da parrokian eta amaitzerakoan Itsasoko ondareari buruzko hitzaldia aurrera eramango da. Jarraian, toka lehiaketari ekingo diote.

Arratsaldeko 18:00etan martxa hartuko dute jaiek berriro haur jolasekin eta 19:30ean Eriz magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da plazan gerturatzen den edonorentzat. Eguna amai-tzeko Juan Carlos Irizar pianojolea eta Iñaki Revuelta abeslariaren kontzertua egongo da gaua alaitzeko.

Ostiral arratsaldean ere giroa izango dugu Itsason, asteburuari hasiera emanez. Arratsaldeko 16:00etan Mus Txapelketan hasiko dira, aurreko urtean arrakasta handia izan zuena, hamabost bikoteen parte hartzearekin. Arratsaldeko 20:00etan zahagi ardoa eta sagardoa txotxetik hartzeko aukera egongo da ostatu parean eta eguna amaitzeko Guri5 taldearen kontzertua eskainiko da plazan.

Asteburua

Bost eguneko jaiak borobiltzeko asteburu polita antolatu dute itsasoarrek. Larunbatean arratsaldeko 16:30etik aurrera Mendi Bizikleta trabesia hasiko da herrigunetik abiatuta, eta hau amaitzerakoan paella lehiaketa herrikoia izango dugu plazako karpan, irabazleak hautatu eta paellekin afari ederra ospatuz. Gaueko 23:00etatik aurrera Imanol, Unai eta Kitto izango ditugu.

Azkenik, igande goizean ere mugimendua egongo da Itsason. Kanposantuan ospatuko da meza goizeko 11:00etan eta amaitzerakoan berriro ere Itsasoko ondareari buruzko hitzaldiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiak. Arratsaldeko 13:30etik aurrera Herri kirolak aurrera eramango dira, urtero bezala, herritarren eskutik.

Egitarau luzea eta bikaina aurten antolatu dutena, gustu guztiak asetzeko eta herritar eta kanpotar orok ederki pasatzeko. Beraz, San Bartolome jaiekin, oporrak amaitzeko modu bikaina.

Fotos

Vídeos