Aurten 1.100 pertsona baino gehiago gerturatu dira Sagardo Astera

Prentsaketak. Egunero aurrera eraman dira, guztira hamar saio izan dituelarik aurtengo Sagardo Asteak. / GALILEA
Prentsaketak. Egunero aurrera eraman dira, guztira hamar saio izan dituelarik aurtengo Sagardo Asteak. / GALILEA

Guztira hamar prentsaketa saio aurrera eraman dira; bisitari kopuru handiena gipuzkoarrek osatu dute

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Sagardo Asteko 16. edizioa ospatu da aurten Igartubeitin, zanpaketak, kirikoketa, antzezpenak eta tailer desberdinetan parte hartzeko aukera zabaldu digutelarik. Eta honen balantzea baikorra izan da, bisitari ugari jasoz.

Ekintza desberdin eta bereziren bat, edo gehiago, izaten da urtero egun hauetan eta oraingoan urriak 4ean, inaugurazio egunean, urriak 7an eta 8an, Cider Truck-a izan dugu baserriko kanpokaldean, San Sebastian Explore Region-en eskutik.

Datuei erreparatuz, guztira 1.117 bisitari izan ditu baserriak aste berezi honetan zehar, taldeka zein familia giroan, gaztetxoetatik hasi eta adinduak ere bai gerturatu direlarik. Aurtengo eta iazko kopurua ia berdintsua izan da; 17 pertsona gehiago aurten. Kontutan izan behar da tokia mugatua dela eta gehienez egunean ehun pertsona izan daitezkeela batera baserriko dolarean.

Guztira, iaz bezala hamar prentsaketa saio aurrera eraman dira, egunero ordu berdinean, eguerdiko 12:00etan.

Gipuzkoarrak gehienak

Bisitarien profilari dagokionez, %51 gizonezkoak izan dira, eta gehiago izan dira taldean gerturatu direnak (%52,5), bakarka egin dutenak baino (%47,5).

Igartubeititik azaltzen dutenez, Euskal Herriko puntu desberdinetatik etorri dira oraingoan: Gipuzkoatik %52, Bizkaiatik 24%, Arabatik %8, Nafarroatik %6, eta beste %10a bestelako lekuetatik hurbildu izan da. Adinen inguruan, gehiengoa 10-20 urte bitarteko gaztetxoak izan dira (%27), ikastetxeekin baserrira gerturatu direnak.

«Bisitariek iaz bezala erreserbak aurrez egin ahal izan dituzte eta jendearen gehiengoa urriaren 7an, larunbatean gerturatu da Igartubeitira, Bizkaiko jubilatu talde bat etorri baitzen», diote museotik.

Asteburuan eta jai egunean, an-tzezpenak Urretxu-Zumarragako Karmakros taldeak burutu zituen Igartubeitik luzatutako eta beraiek moldatutako gidoi batean oinarrituz. «Aurten pena izan da Arizkungoek ez etorri izana, oso giro polita sortzen dute beraien erritmoekin eta ahotsekin, ea datorren urtean etortzerik duten», diote tamalez.

«Cider-Truck-ak ere atentzioa deitu du, baserri aurrekaldean kokatua, baserriko egurrarekin kontraste polita eginez. Bertan, pintxoak eskaini dira eta Oiharte sagardoa. Ideia polita izan da eta eskerrak luzatu nahi dizkiegu Foru Aldundiko Turismo Sailari, sagardogileei, Kultur Atelierreko langileei eta Urola Garaia Turismoko teknikariari», Igartubeitiko arduradunek.

Aipatzekoa da ere aurten bisitariek Sagardo zukua eta sagardoa, edalontzi berrerabilgarrietan edan dutela, orain arte erabilitako plastikoa ekidituz.

Argazki lehiaketa

Aurtengo argazki lehiaketan, hogeitazortzi pertsonek eman dute izena, iaz baino askoz ere gehiago animatuz oraingo honetan. Argazkiak azaroak 12rako bidali beharko dituzte eta epaimahaiak erabakiko ditu sarituak.

Fotos

Vídeos