Asturiasen lehia, atseden hartu eta berriro ere jo ta su entrenatzen

Aranburu. Hurrengo lasterketak, Norvegian. / A.A.
Aranburu. Hurrengo lasterketak, Norvegian. / A.A.

Hurrengo lasterketak Norvegian izango dira, lehiak hilaren 15etik aurrera jokatuko direlarik bertan

DV EZKIO.

Vuelta Ciclista Asturias izan da Alex Aranbururen azken lasterketa, aurreko asteburuan hiru egunetan, hiru etapatan lehiatu delarik. Gaztela eta Leonen marka bikaina lortu ondoren, Asturiaseko bidea hartu zuen gazteak Cajar Rural taldearekin. Azken honetan izandako sentsazioak beharbada ez dira espero bezain onak, Aranburuk aitortzen duenez, nekeagatik ziur asko. «Hiru egun izan dira Asturiasen, lehengo egunaren bukaera oso esplosiboa izan zen eta hogeiko taldetxo bat iritsi zen helmugara. Handik 9 segundutara iritsi ginen beste hamar bat atzetik eta hantxe nihoan ni. Ez ziren nire bizitzako sentsazioak izan eta ez nintzen oso gustura geratu... Gaztela eta Leonen oso sentsazio onak izan nituen azken egunetan, baina egia esan Asturiasen ez naiz nahi nuen moduan ibili. Nekea edo izan liteke azken karreretatik gaizki deskantsatuta...», dio Aranburuk.

Hiru egun gogor izan dira Alex Aranbururentzat. Lehenengoan, bigarren multzo horretan zeharkatu zuen Aranburuk helmuga. Bigarrenean, azken kilometroak aldapan gora ziren helmugara 8 kilometroko mendetea zegoelarik, eta 24. postuan helmugaratu zen ezkiotarra. Hirugarren etapa gogorra suertatu zitzaion Aranbururi. «Ihesaldia egitea kostatu egin zen eta behin egin ondoren handik kilometro batzuetara atzetik mugitzea tokatu zitzaidan aurrekoak harrapatzeko asmotan eta etapa borrakatzeko. Hala ere azkenean helmugatik azkena zegoen mendatean harrapatu ninduten eta haren geroztik lasai lasai helmugaratu nintzen», azaltzen du Alex Aranburuk.

Batzuetan tira egitea, besteetan talde kideren bati laguntzea... estrategia desberdinak izaten ditu taldeak. «Oraingoan lehenenengo bi egunetan ahalik eta aurreren sartzea nuen helburu eta azken etapan urrutitik saiatzeko esan zidaten. Horregatik azken honetan eguneko ihesaldia eginda zegoenean atzetik pelotoitik salto egin genuen beste hiruk, eta ihesaldikoak harrapatu genituen. Azken mendatera arte ihesaldiari eutsi nion baina helmugatik 15km-ra edo pelotoiak harrapatu gintuen».

Orokorrean talde bezala egindako lana ona izan dela azaltzen digu Aranburuk. «Taldeko bi lagun lehenengo hamarren artean sailkatu dira generalean. Ez da datu txarra, taldea gustura geratu da egindako lanarekin», dio.

Pausoak aurrera

Aurreko denboraldia izan zen profesionaletan lehenengoa Alex Aranbururentzat eta hasiera horretatik eboluzioa nabarmena da. «Orokorrean begiratuz egia da eboluzio bat ikusten dudala, azken lasterketa honetan baino gehiago aurreko lasterketetan: Euskal Herriko itzulian eta Gaztela eta Leonen batik bat», dio.

Asturiasetik bueltatu eta hiru eguneko atsedenaldia izan du Alex Aranburuk, nahiko nekatuta sentitzen zelako. Momentu honetan entrenamenduekin hasia dago eta gogo gehiagorekin ari dela dio.

Hurrengo egunetan entrenatzea tokatzen zaio, maiatzaren erdialdean Norvegiara bidaiatuko baitu. «Hurrengo lasterketak Norvegian izango ditut, hilaren 15an hasten dira», Aranburu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos