'Arto-hostoen alfonbra' egiteko tailerra igande honetan Igartubeitin

Lola Altolagirre. Arto hostoz egindako lanak azaldu zituen inaugurazio egunean.
Lola Altolagirre. Arto hostoz egindako lanak azaldu zituen inaugurazio egunean. / GALILEA

Ekainean inauguratu eta urriaren 1a arte ikusgai dagoen 'Haria Galtzen' erakusketako jardueren barne antolatu da tailerra Lola Altolagirre artistak pauso guztiak ematen irakatsiko du tailerrean

MIRYAM GALILEAEZKIO.

'Haria Galtzen' erakusketaz gozatzeko aukera dugu oraindik Ezkioko Igartubeiti baserri museoan, eta honekin lotuta tailer batean izena emateko aukera ere badago asteburuan, honetan parte hartzen dutenek arto-hostoen alfonbra egiten ikasi ahalko dutelarik.

Lola Altolagirre artistak eskainiko du igandean, irailak 10, 'Arto-hostoen alfonbra' tailerra, esan bezala urriak 1 arte ikusgai dagoen 'Haria Galtzen' erakusketako jardueren barne. Ekintza 11:00etan hasi eta 14:00ak arte izango da, honetan parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera dutelarik dagoeneko.

Tailerra. 'Arto-hostoen alfonbra' tailerra Lola Altolagirrek aurrera eramango du igande honetan goizeko 11
00etatik 14:00ak bitartean.
Erakusketa
Baserriaren munduarekin lotura duten zazpi artisten obrak ikusteko aukera dugu Igartubeiti baserrian, urriaren 1a arte.

Igartubeititik azaltzen dutenez, antzinako teknika landuko dute parte hartzaileek, arto hostoekin nola egiten ziren alfonbrak Euskal Herrian ikasiz. «Banan banan hartzen da arto hostoa trentza eginez eta nahi den luzera bakoitzak erabakiz, gero elkartuz josten da soka fin batekin, poliki poliki nola transformatzen den ikusiz, pieza bakarra eta ederra sortuz», diote.

Lola Altolagirre azpeitiarrak 'Artalorea eta eguzkilorea' piezekin parte hartzen du momentu honetan Igartubeitin ikusgai dagoen 'Haria Galtzen' erakusketan. Izaera indibidualeko pieza hauek, espazio honetan Bizitza ehuntzen izenpean, instalazio bat sortuaz aukeztu dira. «Arto hosto eta tekniken bidez, lurra, emakumea eta definitiboki artistengana daraman bide luze baten irudikapena da; hain materiak xaloak baina hainbesteko edertasuna dutenak izanik, isiltasuna, lurra eta argiarekin modu berezian lotzen dena», azaltzen du.

Lola Altolagirre arto hostoekin egiten zen Euskal Herriko antzinako ehuntze teknika baten berreskuratzailea da. Honez gain, irazki-hari altua eta naturarekiko hurbilak diren materialen ikerketa ere jorratzen ditu. Bere lana, Euskal Herrian zein penintsulan izan da ikusgai eta zenbait sari ere jasotakoa da.

Tailer honetan parte hartzeko izena emateko aukera zabalik dago, kontutan hartuz lekua mugatua dela. Beraz, aurretik izena ematea komeni da Igartubeitiko 943 72 29 78 telefono zenbakian.

Hari Galtzen

Ekainaren 10ean inauguratu zen 'Haria Galtzen' erakusketa, egun horretan artista gehienak bertaratu zirelarik zuzenean beraien lanak azalduz, eta oraindik ere baserriko txokoak artez betetzen dituen erakusketa honetaz gozatzeko aukera izango dugu, urriaren 1a arte.

'Haria galtzen' zazpi sortzaileen, Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Díez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sánchez eta María Zubizarreta, lanak erakusten dituen erakusketa kolektiboa da. Artista hauek, beraien artelanen bitartez, gaur egun gure iraganak eta bereganatutako oinordetzak duten presentzia zein garrantzitsua den azpimarratzen dute, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko solasaldian.

Artelanak baserriko askotariko guneetan erakusten dira eta uztartzen dira Igartubeitiko familiaren beharrizanak asetzen zituzten produktuekin (artoa), materialekin (maluta, zumea, lihoa, artilea), objektuekin eta baserritarrek buru-tzen zituzten lanekin eta zereginekin.

Alde batetik, erakusketak aspaldiko teknikekin egin daitezkeen sorkuntzak erakutsi nahi ditu eta bestetik, zuntza arte lan tridimentsionalak, berriak eta esperimentalak sortzeko beste euskarri batzuk bezain baliagarria dela erakutsi nahi du.

Era berean, erakusketak zuntz aukera ezberdinak ezagutzera ematen ditu: hariak, baina irun gabeko zuntzak, baita ere. Horrela, zuntz hauekin sorkuntzak egiteko erabil daitezkeen teknika ezberdinak erakusten ditu: irazki-hari garaia, irazki-hari baxua, irutea, saskigintza teknikak, enfeltratuak, brodatuak, tinteak eta abar.

Arte lanak Igartubeiti baserrian zehar kokatuta daude, eta honetaz gain interpretazio zentruak artisten argazkiak, bideoak eta ehungintzarekin lotutako tresneriaren erakusketa dugu.

Erakusketa urriaren 1a arte egongo da ikusgai, ordutegia ondorengoa delarik: asteartetik larunbatera, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00ak arte. Igandetan berriz, goizeko 10:00etatik 14:00ak bitartean egongo da ikusgai. Astelehenetan itxita egongo da baserri museoa.

Fotos

Vídeos