Artoa eta borraja Igartubeiti baserriko baratzean nonahi

Baratzea. Igartubeitiko baratzea bizi bizirik. /  IGARTUBEITI
Baratzea. Igartubeitiko baratzea bizi bizirik. / IGARTUBEITI

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Hilabete batzuk dira Igartubeitiko baratzea prestatu eta hau lantzen hasi zirela Igartubeitin. Garai bakoitzean behar duena, eguneroko zaintza eta Jakoba Errekondoren aholkuak jasotzen dituzte ere hau zaintzeko garaian. Asteak aurrera joan ahala bertako fruitu eta barazkiak nola hazten diren ikusi ahal izan dugu eta aldi berean ere hauen zaintzaren inguruko aholku ugari ezagutu. Urria aurrera doan heinean, hilabete honetan egondako aldaketak eta sekretuak ere helarazten dizkigute baserritik.

«Urria ez da hilabete makala baserri eta nekazal munduan. Lana gogor egiteko garaia da, baina esaerak dioen bezala, “udazkena, urte sasoirik ederrena”. Hilabete honetan baserria udatik negurako trantsizio aroan sartu zaigu, udazkenean, aldaketa garaia iritsiz», diote Igartubeititik. Hilabete honetan artoa, gaztainek, urrek, intxaurrek eta sagarrek dute garrantzia; eta bestetik, eskarola, espinaka, tipulina, marrubia, edo aza landatzeko garaia iristen da. «Baserrietan, urritik aurrera, udazken eta neguan, artoak berebiziko garrantzia izaten du. Izan ere arto uzta jasotzeko garaian gaude. Artaburu guztiak jaso eta ganbarara eraman, neguko gau luzeetan artazuriketari ekiteko», diote.

Igartubeitiko baratzean lur zatitxo bat eskaini zioten uda hasieran artoari eta urriaren amaiera aldera, artaburuak jaso eta ganbaran gordetzeko momentua izango da. «Artoak baserrian erabilera ugari izan ditu: gizakiarentzat eta ganaduarentzat elikagai bezala, oheko koltxoiak egiteko, alfonbrak egiteko... Artoaren landaketari dagokionez, lur aberatsa behar du eta ur asko izatea komeni da», baserritik.

Igartubeitiko baratzean, ia ia ustekabean garai honetan estimu handiz hartzen den barazki bat agertu da, borraja. «Aurtengo honetan, landatu ordez, apiril-maiatza inguru horretan borrajaren hazia erein genuen, eta ezusteko handia eman digu bere hosto zabal eder horiekin etorri baita», azaltzen dute. Ez da barra barra jaten den barazkirik, baina Europako leku batzuetan luxu handikoa da, izan ere oso osasuntsua da; hosto zabalak ematen dituen arren, jango duguna bere txortena izango da.

Zaintza

Baratzeak zaintzea behar du, dituen etekinik onenak lortzeko eta hau behar bezala egin dezagun Jakoba Errekondok aholku batzuk luzatzen ditu hilabetero, urrian ere hauek jaso ditugularik. «Oraindik ere bero handiak egiten baditu, ureztatu lasai baratzea. Ureztatzeko, baratze ondoan bidoi bat izatea ez da kalterako izango. Hau euri urarekin betetzen joan dadin, eta tarteka asun-belarra gehitzen badiogu are onuragarriagoa izango da gure ureztapena», dio.

Baratzeko belarrak ere kendu behar dira eta tarteka lurra arrotu atxurrarekin, urak errazago zirkula dezan. Lurra lehorra baldin badago, kendutako zenbait belar txar bertan utzi daitezke lurra goxatzeko eta hezetzeko.

«Hego haize zakarreko egunetan baratzeko barazkiak babestea garrantzitsua da. Adi ibili lehenengo hotz eta izotzaldiei: landareak estalkiren batekin tapatzea komeni da», dio Errekondok.

Negurako ganaduarentzako bazka bezala zenbait zuhaitzen aldaxkekin sortak egitea gomendatzen du ere Errekondok, esaterako lizarrarekin. «Fruta arbola gazteei egitura edo forma jakin bat emateko adarrak lotu», dio. «Eta fruta arbolen txertaketa egin».

Urria, neguko zenbait lora landatzeko garaia da: lilipa, nartzisoa, irisa... Eta belazeak eta soropilak moztu eta ongarritzeko garaia ere bada.

Usaindun loreak, sukalderako, sendabelarrak... biltzeko garaia ere amaitzear da, beraz, hauek ere orain biltzea komeni dela gogoratzen du.

Fotos

Vídeos