Artea esperimentatu eta sentitzeko familientzako tailerra Igartubeitin

Goruntz dantza taldeko irakasleekin sorgin dantza ikasten aritu ziren. / ARGAZKIAK IGARTUBEITI
Goruntz dantza taldeko irakasleekin sorgin dantza ikasten aritu ziren. / ARGAZKIAK IGARTUBEITI

Inauteri garaian aurrera eramandako 'Sorgin dantza' tailerrak arrakasta handia izan zuen 17 haurrekin

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Hilabetero bezala oraingoan ere bi tailerren eskaintza zabaldu digute Igartubeitiko arduradunek, lehenengoa Inauteri garaian izan zen eta bigarrena gaur arratsaldean ospatuko direlarik, biak interpretazio zentruan.

Otsailaren 10ean Sorgin dantza tailerra antolatu zuten Igartubeitin, Gabiriko Goruntz dantza taldearen eskutik. Guztira 17 haurrek parte hartu zuten honetan, bost guraso eta Gabiritik zazpi lagun hurbildu zirelarik, horien artean Goruntz dantza taldeko irakasleak. «Trikitixarekin lagunduta, Sorgin dantza ikasi zuten parte hartzaileek eta praktikan ere ipini zuten. Amaitzeko txokolatea egon zen guztiontzat. Familiek asko gozatu eta disfrutatu zuten», azaltzen dute museoko arduradunek.

Asteburu honetan berriz, gaur arratsaldean konkretuki, otsaileko bigarren tailerra aurrera eramango da, oraingoan «Sentitu» izenburupean 3-6 urte bitarteko haurrak dituzten familiek parte hartzeko aukera dutelarik.

Arteaz gozatu

Arte esperimentazio tailerraz gozatzeko aukera izango dute oraingoan etxeko txikiek, arratsaldeko 16:30ean abiatu eta bi orduko esperientziarekin. «Jantzi lasai zikintzeko arropa zaharra eta anima zaitez kolorearekin esperimentatzera. Norberaren adierazpen libretik abiatuta hiru dimentsiotako arte lan erraldoia sortuko dugu. Lurra, paretak, altzariak... gure gorputza erabiliz forma eta kolorez beteko dugu guztia. Jolas dezagun artearekin!», animatzen dute baserri museotik.

Besteetan bezala tailerraren prezioa 3 eurokoa izango da, Famili Txartelarekin deskontuak egongo direlarik. Izena emateko edo argitasun gehiagorako 943 72 29 78 telefono zenbakira deitu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos