Anbulategi berria inauguratua

Eraikuntzaren obra guztia Ezkio eta Itsasoko Udalek finantziatutakoa izan da, gutxi gorabehera 160.000 euroko kostua izan duelarik. / GALILEA
Eraikuntzaren obra guztia Ezkio eta Itsasoko Udalek finantziatutakoa izan da, gutxi gorabehera 160.000 euroko kostua izan duelarik. / GALILEA

Astelehenetik aurrera Errekabarrena auzoan emango da mediku zerbitzua

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Errekabarrena auzoko etxe berrien beheko solairua egokitu, beharrezkoak ziren berrikuntzak burutu eta Osakidetzako arduradunek altzariak eta tresnekin hornitu ondoren, atzo goizean Ezkio eta Itsasoko anbulategi berriaren inaugurazioa aurrera eraman zen, mediku zerbitzua astelehenetik aurrera bertan ematen hasiko direlarik.

Badira pare bat hilabete eraikuntzako obra amaitu zela, orduan Osakidetzako langileak lekua bisitatu eta hau hornitzeko behar zituzten material guztien zerrenda egin zutelarik. Eraikuntzaren obra guztia Ezkio eta Itsasoko Udalek finantziatutakoa izan da, gutxi gorabehera 160.000 euroko kostua izan duelarik. Osakidetzak, barruko altzari eta materialak jarri ditu, lan hau orain dela egun gutxi amaituz.

«Azkeneko urteetan Ezkio-Itsason nolabaiteko garapena sortzen hasi zen, gaur Ezkio eta Itsaso diren herrietan: eraikuntza berriak, jende gehiago... eta honek instalazio eta zerbitzu berriak sortzera eraman gaitu, edo ditugunak berritzea ere, zerbitzu hobea emanez», azaldu zuen Jose Ignacio Etxezarreta Ezkioko alkateak. «Eraikuntza hau Ezkio-Itsaso garaiko proiektua da, Ezkiok eta Itsasok finantziatuta beraz; honetan bi herrietako bizilagunei zerbitzua emateaz gain, Gabiriakoei ere ematen zaie», alkatea.

Ekitaldira Ezkio, Itsaso eta Gabiriako alkateak, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, udal langileak, Osakidetzako ordezkariak, anbulategiko langileak eta herritarrak ere gerturatu ziren.

«Duela aste pare bat zuen artean egon nintzen herri eskolako bigarren solairua eta kirol kantxa inauguratzen», gogoratu zuen Irma Basterra Eusko Jaurlaritzako Landa Garapeneko zuzendariak. «Gure helburua landa guneen alde lan egitea da, biztanlegoaren ongizatean lagundu eta hobetzeko. Oraingoan ere anbulategi honek beharrezkoa den ezinbesteko zerbitzua eskainiko du», esan zuen.

Ekitaldia bukatu eta anbulategiko instalazioak bisitatzeko aukera egon zen, hamaiketako batekin amaituz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos