Alex Aranburu: «Sailkapen orokorrean lortutako 25. postuak asko esan nahi dit niri»

Aranburu. Euskal Herriko Itzuliko azken etapa hasi baino lehen./A.A.
Aranburu. Euskal Herriko Itzuliko azken etapa hasi baino lehen. / A.A.
Alex Aranburu, txirrindulari profesionala

Euskal Herriko Itzulia izan da Alex Aranbururen azkena, honetan postu bikaina lortu ondoren izandako sentsazioak azaldu dizkigularik

DVEZKIO.

Bigarren urtez Euskal Herriko Itzulian parte hartu berri du Alex Aranburu ezkiotarrak, aurreko urteko esperientzia buruan zuela eta hobetzeko intentzioarekin, bere erronka lortu du. Sailkapen orokorrean 25. postua eskuratu du ezkiotarrak eta berarekin hitz egin nahi izan dugu aurtengo esperientzia gertutik ezagutu ahal izateko.

- Bigarren urtez Euskal Herriko Itzulian parte hartzeak zer suposatu du zuretzat?

-Egia esan aurreko urtean asko gustatu zitzaidan itzulia eta aurten aurrera pausu bat eman nahi nuen eta lehengo urtean izandako esperientzia hobetu. Preparazio aldetik ondo iristea nahi nuen eta ematen duenez lortu egin dut! Hala ere nahiz eta ondo iritsi World Tour taldeko txirrindulariek duten erritmoa ez da nirea bezalakoa eta hori nabaritzen da.

- Nola ikusi duzu zure burua?

-Uste dut nahiko itzuli txukuna atera zaidala. Egun batzuetan besteetan baina sentsazio txarragoak izan ditut baina orokorrean nahiko erregular ibili naiz eta gustura. Zaila da sei egunetan topera ibiltzea eta egun txarrik ez izatea, baina egun horiek pasatzen ikasi beharra daukat eta hain txarrak ez izatea lortu.

-Pentsatzen zenuen bezalakoa izan al da?

-Pentsatzen nuena baina zailagoa izan da. Lehengo urtean hasierako bi egunak «errazagoak» izan ziren. Baina aurten lehenengo egunetik hasi ginen gogor eta ibilbidea ere gogorragoa zen. Izan dugun egunik lasaiena nik uste erloju kontrakoa izan dela, topera joan behar izaten gara baina azkenean ordu erdiko esfor-tzua da eta beste egunetan egun osoa sufritzen joaten gara.

-Espero bezala atera al da?

-Ez dakit zer esan, lehenengo egunean Zarautzen aurrerago egotea gustatuko zitzaidaken. Azken mendatea oso ondo hasi nuen baina erdi aldetik gora indar hustu egin nin-tzen eta nahiko luzea egin zitzaidan. Baina beste alde batetik sailkapen orokorrean lortu dudan 25. postuak asko esan nahi dit niri. Pertsonalki oso gustura gelditu naiz, nere aurretik sailkatu diren beste txirrindulariei begiratuz gero oso izen ospetsuak baitaude.

-Nola moldatu zara taldekideekin?

-Oso giro ona izan dugu. Eskatutakoa bete dugula uste dut, ahal izan dugunean ihesaldietan egonaz eta mendiko mallota burrukatuz; eta nik eta Partillak generalean ahal genuen aurreen eginda. Mendate hasieratan kokatzen laguntzen zidaten, eta dena da eskertzekoa. Itzuli polita izan da.

-Etxean izanda, errazagoa egin zaizu?

-Beti egiten da errazagoa, baina baita ere nerbio gehiago egoten dira. Jende asko zutaz pendiente egongo dela badakizu eta polita da baina baita ere presio pixka bat ematen dizu. Etapa askotan izan ditut jarraitzaileak, herriko peñakoak, familiakoak, bizilagunak, neska... lagun batzuek ere plenoa egin dute, egunero egunero zeuden lasterketa guztietan eta asko eskertzen diet guztiei.

-Zein izan da etaparik onena?

-Etaparik onena izan zen edo ez ez dakit, baina politena hirugarrena izan zela esango nuke. Helmugatik 2km eta gutxira pelotoitik ihes egin nuenekoa. Azkenean 500m faltan harrapatua izan nintzen baina hala ere hain gertu ikusteak poza ematen du eta bat baino gehiago nerbioso jartzea lortu nuen; sentsazio horiekin gelditzen naiz. Oso zaila izan arren aukerak beti bilatu behar dira, eta saiatu.

-Eta gogorrena?

-Bigarren eta azken etapak. Bigarrenean oso azkar ibili ginen egun osoan eta ibilbide sigi-sagatsua zenez oso gogorra izan zen. Azkenekoa ere gogorra izan zen: mendate asko eta erritmo bizia egun osoan.

-Atzera egin eta zerbait aldatzeko aukera izango bazenu...

-Ez nuen ezer ez aldatuko oraintxe bertan. Gustura gelditu naiz egindakoarekin.

-Hitz gutxitan laburtu beharko bazenu esperientzia...

-Oso esperientzi polita; beste behin errepikatzeko modukoa.

-Aurrera begiratuz, non ibiliko zara?

-Hurrengo lasterketa 'Vuelta Castilla y Leon' delakoa izango da, hau hilaren 20tik 22ra bitartean ospatuko delarik. Eta handik 'Vuelta Asturias'-era joango gara, hau hilaren 27an hasiz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos