Alegi auzoko udal pilotalekuaren ordenantza berria abian da

Pilotalekua. Erabilerako ordenantza berria abian da dagoeneko. / GALILEA
Pilotalekua. Erabilerako ordenantza berria abian da dagoeneko. / GALILEA

Egunero, arratsaldeko lehenengo orduak herritarren erabilera desberdinetarako erreserbatuta daude

MIRYAM GALILEA EZKIO.

Itsasoarrek ospatu berri dute Herri Batzarra eta honetan gai desberdinak jorratuz erabaki ugari hartu dituzte, hauen artean Alegiko frontoiaren ordenantza berria hain zuzen.

Herritar ugari dira Herri Batzarretan parte hartzen dutenak, eta hori dela eta elizako korupean biltzen dira. Horrez gero lan talde handiak sortzen dira, ideia berri ugari eta lana egiteko gogoak erraztasun handiak ematen ditu, Komunikazio Batzordetik azaltzen dutenaren arabera, ikuspuntu ugari eta azken finean erabaki egokiak har-tzeko erraztasunak emanez.

Azken larunbatean jorratutako gaietariko bat Alegiko frontoiaren ordenantza berria izan zen, hau orain dela urte batzuk eginda, gaur egunera moldatzeko beharra ikusten zelarik. Ez pilotan jolasteko bakarrik, anitzak dira pilotaleku honen erabilerak eta modu onean funtzionatzeko ordenantza berria adostu da, dagoeneko hau martxan dagoelarik; frontoian bertan ere kokatuta dago.

«Arautegi honen helburua udal pilotalekuaren erabilerari eta fun-tzionamenduari atxiki beharrezko arauak ezartzea da», azaltzen dute Udaletik. Horrela, udal pilotalekuaren ordutegia honakoa izango da: goizeko 8etatik gaueko 22:00ak arte erabili daiteke, behar bezala baimendutako ekitaldi publikoak edo txapelketak daudenean izan ezik. Argiaren fitxak behar izanez gero, hauek eliza ondoko atarian saltzen dira, ordu erdiko 1,5 euro ordaindu behar delarik. Pilotalekua erabili ahal izateko jendea zain balego, ordubetekoa izango da gehienez epea.

Egunerokoak

Frontoia alokatu edo erabiltzeko, erreserba ordutegiak kontutan hartu beharko dira, eguneko ordu zehatz batzuk herritarren ekitaldi eta gozamenerako erreserbatutak baitaude. 2017-2018rako eginda dauden erreserben arabera, egunero 14:30etatik 16:00etara helduek paseatzeko erabiliko dute pilotalekua; arratsaldeko 16:30etik 18:00etara haurren jolasetarako izango da; eta astelehenetan, 19:00etatik 20:30era frontenis egiteko egongo da erreserbatuta (udal jarduera).

Aurreko ordutegia kontutan hartuz, pilotalekua aurrez aloka daiteke kirol jarduetarako orduko 4 euro ordainduz, argiaren prezioa kontutan hartu gabe.

Pilotalekuan jolasteko orduren bat aurrez hartzen bada, gehienez hiru hilabetetarako hartu daiteke. Ordu problemarik egongo ez balitz, nahi izanez gero beste hiru hilabeterako luzatu daiteke; eta balego, zozketa egingo da interesdunen artean.

Partikularrek erabilera pribatibo bidez modalitate desberdinetako txapelketak antolatzeko instalazioaz baliatzeak, bai federatuen aldetik bai afizionatuen aldetik, udalaren baimena beharko dute, bertan xehetasun guztiak jasoko direlarik.

Azkenik, pilotalekua kirola ez den bestelako jardueretarako edo okupazioarako erabiltzeko (an-tzerkiak, mitinak, kontzertuak...) Udalaren baimena beharko da eta dagokion tasa ordaindu. Indarrean dauden tasak web orrian daude ikusgai www.itsaso.eus.

Erreserbak edo edozein kontsulta egiteko udala@itsaso.eus helbidera idatzi. Gogoratzen da ordenantza honek indarrean jarraituko duela ondorengo xedapen batek aldatzen ez duen bitartean.

Fotos

Vídeos