Aho-zapore bikaina utzi dute udalekuek

Artea. Istorio bat sortu eta errealitate bihurtu.
Artea. Istorio bat sortu eta errealitate bihurtu. / GALILEA

Lau asteetan zehar aurrera eraman dira, aurreko ostiralean txirringak hartu eta ibilbide batekin amaituz

MIRYAM GALILEA ITSASO.

Ekimen sozio-kulturalen batzordearen bileran garatu zen ideia eta aurten Itsasoko lehenengo udalekuak ospatzera animatu ziren, udaleku desberdin eta anitz batzuk aurrera eramateko helburuarekin. Horrela, lau asteetan zehar, artea, hipika eta kirol desberdinak landu, ezagutu eta gozatzeko aukera izan dute gaztetxoek, honekin batera ere hizkuntzak landuz.

Asko izan dira lehenengo udaleku hauetan parte hartu dute haur eta gaztetxoek eta utzitako aho-zaporea bikaina izan da. Hala ere, parte hartzaileek iritzia jasotzeko eta aurrera begira antolatuko diren esperientziak hobetzeko nahian, galdeketa bat jarri dute martxan iritziak eta proposamenak jaso ahal izateko. Irailean ekimen sozio-kulturalean batzordea bilduko da berriro erantzunak aztertzeko, baina orain arte izandako sentsazioak oso positiboak izan dira.

Itsasoko udalekuak hiru zatitan banatu dira, hauek lau astetan zehar luzatu direlarik. Lehenengo bi asteetan Udaleku Artistikoak ospatu ziren, honetan istorio bat sortu, musika, ingelesa, artea, jostea eta bestelakoak landu zituztelarik, istorioari forma eman eta hau grabatu eta muntatuz.

Hirugarren astean Hipika Hastapenak landu zituzten Ibur Hipika Klubean, zaldiaren morfologia ezagutu, zaintza, eta nola ez zaldi gainean ibili zirelarik. Eta laugarren eta azken astean kirol anitzak praktikatu eta herriko txoko desberdinetara txangoak egin dituzte. Kiroletan aritzeko Zerki enpresako Endika Sastre eta Iker Mujika egon dira haur eta gaztetxoekin begirale gisa: Kizkitzara txangoa, Alegian jokoak, bizikletaz ibilbidea... Azken eguna aurreko ostirala izan zen eta honetan, aurtengo udalekuak agurtzeko, bizikletaz egin zuten txangoa (txikienak Alegian gelditu ziren jolasean): Alegiatik abiatu eta Beasaineraino joan ziren, Lazkao, Ordizia, eta berriro ere etxera buelta.

Iraila arte itxarongo dute iritziak ezagutzeko baina antzeman denez, ederki pasatu dute gaztetxoek!

Fotos

Vídeos