Abuztuan ere gure bailarako txokoak ezagutzeko aukera bikaina

Igartubeiti. Abuztuan ere gure bailarako altxorrak bisitatzeko aukera zabala.
Igartubeiti. Abuztuan ere gure bailarako altxorrak bisitatzeko aukera zabala. / GALILEA

Kultura, tradizioetan eta herri giroan murgiltzeko festa desberdinak. Uztaila bikain isteko Mirandaolako Burdinolan eta Igaralde baserrian, ogiaren txokoan, bisita bereziak igandean

MIRYAM GALILEA ALTO UROLA.

Urola Garaiako eskualdea Gipuzkoako hegoaldean kokatuta dago, Aizkorri Parke Naturalaren magalean eta bisitariak erakartzeko baliabide natural eta turistiko ugari ditu, turismo arlotik hauek bultzatu eta ezagutarazteko lana egiten dutelarik: bisita bereziak, familia edo taldeentzako planak... aukera anitza eta pertsonalizatua ere izan daiteke eta datozen bi hilabeteetan ezagutu, ondo pasatu eta Urola Garaiaz gozatzeko aukera bikainak daude.

Bailarako museo eta ekintza turistikoek ez dute martxa gelditzen eta uda honetan ere adin guztiei zuzendutako planekin datoz, bakarka, bikoteka, taldeka edo familiei egokitutako planak egiteko aukera zabaltzen digutelarik, udako hiru hilabateak biltzen dituen programa berezia argitaratu dutelarik. Uztaila ia atzean utzi dugu baina abuztua eta irailan zehar ere bisita, tailer eta ekintza desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute interesdunek.

Urola Garaia Zumarraga, Urretxu, Legazpi eta Ezkio herriek osatzen dute eta lau hauek dituzten baliabide eta eskaintzak bilduz osatu dute liburuxka.

Zumarragan, Antioko baseliza eta Antio- Antigua Interpretazio zentroa ditugu. Baseliza bailarako altxor nagusietarikoa da eta hau egunero bisitatzeko aukera dugu, goizeko 11:30etatik 13:30etara eta arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara, sarrera doakoa izanik (borondatea). Metro batzuetara Antio Interpretazio zentroa dugu, hau bisitatzeaz gain, bertan Turismo Bulegoa ere kokatzen delarik.

Urretxun berriz, Aikur Erle Museoa bisitatzeko aukera dugu, asteburu eta jai egunetan gozeko 11:00 eta 12:30etan; kasu honetan aurretik deitzea beharrezkoa da. Aldiz, beste egunetan joan nahi izanez gero aukera ere badago beti taldea izanik eta aurrez hitzartuta. Aikur abuztuaren 7tik 28ra bitartean itxita egongo da. Aipatzeko da, Aikur Erle Museoko ezti ekoizleak enogastronomia iraungarriaren topaketan izan zirela Laguardian, Euskadiko lehenengo jardunaldi enogastronomiko jasangarrian parte hartuz.

Urretxun jarraituz, bertan ere San Martin de Tours eliza kokatzen da (hau bisitatzeko aurretik hitzartu), edo Urrelur Mineral eta Fosilen museoa, azken hau astelehenetik ostiralera goizez edo arratsaldez bisitatu daitekelarik; taldeentzako bisita gidatuak ere antolatzen dira. Urrelurrek abuztuan hartzen ditu oporrak eta hilaren 7tik 27ra itxita egongo da.

Legazpira hurbilduz gero, aukera oso zabala da: Artzantzaren Ekomuseoa igandetan goizeko 11:00etan du hitzordua(aurretik deitu behar da), honetan bisita gidatua eta pintxoa eskaintzen direlarik. Beste egunetan ere hau bisitatzeko aukera dago baina beti ere taldea izanda eta aurretik hitzartuta badago. Bestetik, Mirandaolako Burdinola ere dugu bailarako beste altxor nagusietarikoa, hau igandero martxan jartzen delarik 12:00etan eta 13:00etan bisita gidatua eta pintxoa eskainiz (aldez aurretik deitu). Chillida Lantokia, Euskal Burdinaren Museoa (bertan informazio bulegoa kokatzen da), 50. hamarkadako eskola, Ogiaren Txokoa... Azken honetan Errotari Egunaz gozatzeko aukera zabaltzen digute Igaralde baserrian: ogia egiteko jarraitzen den prozesua, errota... bisita gidatuak eskaintzen dira igandeetan, goizeko 12:00etan eta 16:00retan, erreserba beharrezkoa izanik, eta bestelako egunetan ere taldeentzako bisitak egiten dira aurretik hitzartuta.

Kontutan hartzekoa da uztaila isteko bi bisita berezietan parte hartzeko aukera dutela familiek igande honetan Legazpin, Lenbur Fundazioak antolatuta, Ogiaren txokoan eta Mirandaolako burdinolan konkretuki. Bi tailer hauetan haurrek gure arbasoen bizimodua ezagutzeko aukera izango dute garai hartako errota eta burdinola bisitatuz. Burdinolaren kasuan, Mirandaolako olagizonek martxan jarriko dute eta labean berotutako pieza bat mailuan landuko dute. Horretaz gain, labeko sugarretan egindako txistorra pintxoa banatuko da. Bisitak haurrei egokituak izango dira eta tokia hartzea beharrezkoa da, honetarako Mirandaolako Bulegora deituz.

Azkenik Legazpin, Urola Garaia Zaldiz Ormazarreta zaldi eskolak irteera eta ikastaro ugari antolatzen ditu egunero.

Bukatzeko, Ezkion San Migel eliza eta XVI. mendeko eraikuntzak bisitatzeko aukera dugu hileko lehenengo eta azken asteburuetan bisita egiteko aukera dagoelarik, aldez aurretik erreserba eginez. Eta nola ez, bailarako beste taltxorra, Igartubeiti Baserri Museoa, asteartetik igandera zabalik eta bisita gidatuak eta pintxoa hartzeko aukera ematen diguna; honetan orain Haria Galtzen erakusketa ere kokatzen delarik. Gainera, irailetik aurrera larunbatero ospatzen diren tailerrak bueltatuko dira, hauek haur eta beraien familiei zuzentzen direlarik.

Jaiak

Turismo errekursoak eta udan zehar arlo honetatik eskaintzen diren planak anitzak dira baina ezin dugu ahaztu hilabete hauetan herri eta auzoetako festak ere baditugula Urola Garaian.

Zumarragako Santaixabel eta Legazpiko Aztiriko jaiak ospatu berri ditugu, eta hauei Legazpiko San Inazioek hartuko diete erreleboa, gaurtik hasi eta astelehena arte . Ondoren, Zumarragan Andre Mari Eguna eta Berinkolako San Agustin jaiak (Legazpi) hilaren bukaeran. Hauei gehitu deizaiekegu ere Itsasoko San Bartolomeak, abuztuaren bukaeran. Herri giroa, festa eta gure kultura bizitzeko aukera bikaina hauetan ere!

Informazioa

Informazio gehiagorako, ekintzen ordutegi zehatza eta prezioak jakiteko, edota izena emateko Turismo Bulegoetara jo daiteke edo www.urolagaraia.com helbidea bisitatu.

Antio- Antigua Turismo Bulegoa (Zumarraga), astelehenetik ostiralera 8:00etatik 16:00retara dago zabalik; eta asteburu eta jai egunetan goizeko 10:00etatik 14:30etara eta arratsaldeko 16:00retatik 19:30etara; telefonoa 943 72 20 42. Irailan ordutegia aldatu egingo da.

Bestetik, Mirandaola Turismo Bulegoa (Legazpi) egunero dago zabalik, goizeko 10:00etatik 14:30ak arte eta arratsaldeko 16:30etatik 18:30ak bitartean; telefonoa 943 73 04 28.

Fotos

Vídeos