Diario Vasco

Guztira ia 130 argazki aurkeztu dituzte herritarrek lehiaketara

Argazkia. Herriko lehenengo argazki lehiaketara aurkeztutako argazkietako bat.
Argazkia. Herriko lehenengo argazki lehiaketara aurkeztutako argazkietako bat. / ANDONI ALBISUA
  • Hemeretzi parte hartzaile egon dira aurtengo herriko III Argazki Lehiaketan, gehiengoa helduen kategorian

Hirugarren urtez antolatu da Argazki Lehiaketa herrikoia Ezkion, oraingoan animali eta abereei argazki dotoreak egin eta antolatzaileek honetan parte hartzeko aukera zabaldu dietelarik herritar guztiei, adinen arabera banatuz. Argazki-lanak bidaltzeko epea aurreko astean amaitu zen eta honetan guztira 128 lan jaso dituzte Yartu elkartekoek.

Yartu Kultura elkartearen eta Ezkioko Udalaren eskutik aurrera eramaten da lehiaketa oraingoan, «Abere edo Animaliak» izenburupean. Lehenengo urtean gai librea izan zuten herritarrek, orduan Ezkio-Itsasoko festak, ingurua, etxeak.... edo bestelakoen argazkiak aurkeztu zituztelarik hauek; bigarren urtean berriz 'Negua Ezkio-Itsason' izan zuten gai gisa eta orduan ere argazki dotore ugariz gozatzeko aukera eman ziguten.

III. edizio honetan guztira hemeretzi parte hartzaile izan ditugu, hauek 128 argazki inguru bidali dituztelarik: lehenengo kategorian, 12 urtez azpikoetan lau partehar-tzaileek 42 argazki bidali dituzte; bigarren kategorian, 12-18 urte bitartekoetan, hiru partehartzaileek hamaika argazki; eta hirugarren kategorian, 18 urtez gorakoetan hamabi partehartzaile egon dira, guztira 75 argazki aurkeztu dituztelarik.

Momentu honetan antolatzaileek argazki hauek guztiak jaso eta bloggera igotzeko lana hartu dute, behin zintzilikatuta hauei botoa emateko aukera zabalduko dutelarik. «Orain bloggean jarriko ditugu, bertan ikusi eta herritarrek ere gustokoena bozkatzeko aukera izan dezaten», diote Yartu elkartekoek. «Ziurtatu gabe dago oraindik baina espero dugunez botoa emateko aukera otsailaren 19tik, martxoaren 5era edo izango dugu», diote. Sari banaketari dagokionez, martxoa erdialdera egitea espero dute elkartekoek.

Saridunen aukeraketa

Kategoria bakoitzean bi saridun aukeratuko dira, lehenengo saria epaimahaiak hautatuko du, eta bigarrena berriz, herritarren esku geratuko da.

Lehenengo saria, adituen epaimahai batek erabakiko du; bigarren saridunen izenak berriz, jendearen botuek aukeratuko dituzte. Azken honetan nahi duen guztiak botoa emateko aukera izango du: aurkeztutako lanak Yartuko blogean (yartu.eus) zintzilikatuko dira eta edonorrek izango du aukera «atsegin dut» bidez argazkirik gogokoena aukeratzeko. Bozka ematea, ziur asko, hilaren 19an hasi eta martxoaren 5ean amaituko da.

Behin III. edizio honetako sarituen izenak aukeratuta, udaberrian ospatuko da herriko Udaletxean sari banaketa (martxoaren erdialdera gutxi gorabehera), bere garaian zehaztuko den egunean eta orduan. Aurreko urtean egin zen bezala, lehiaketan parte hartu duten argazki guztien proiekzioa ere aurrera eramango da orduan.

Sariei dagokienez, lehenengo kategorian, lehenengo saria 50 eurokoa izango da; eta bigarren sari gisa, parte hartu duten guztientzako txokolatada egongo da. Bigarren kategorian, lehenengo saria 100 eurokoa izango da; eta bigarren sari gisa, bost finalistentzat plater konbinatua egongo da herriko ostaturen batean.

Azkenik, hirugarren kategorian (18 urtetik gorakoak), lehenengo saria 150 eurokoa izango da; eta bigarren saridunak, bi pertsonentzako afaria izango du herriko ostaturen batean.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate