Diario Vasco

Hogeita bat bolatoki desberdinen aztarnak sailkatu dira Itsason

Mandubia. Mandubiko Bentan 1926. urtean egindako argazkia; bolatoki estalia.
Mandubia. Mandubiko Bentan 1926. urtean egindako argazkia; bolatoki estalia. / MANDUBIKO BENTA ETA MANDUBIZAHAR
  • Bolategi bakoitzari fitxa bat egin zaio eta informazioa Gabonetan banatuko zaie Itsasoko bizilagunei

Aspaldi ikerketa lan desberdinak burutzen dituzte itsasoarrek euren ondarea hobeto ezagutu ahal izateko eta ikerketa hauen artean herrian aurkitzen diren bolatokiena topatzen dugu. Orain dela hilabete batzuk aurkitutakoaren aurkezpena egin zuten herriko jaietan antolatutako hitzaldietan, eta oraingoan egindako lan guztiaren berri dugu.

Itsasoko ondare txikiaren ikerketa eta katalogazioari bolaleku edo bolategiekin ekin diote itsasoarrek oraingoan. Herritarrek kontatzen dutenez, orain bizpahiru urte Kizki-tzako egunean, mahaiaren inguruan bazkaltzen ari zirenen artean, errenkadan bata bestearen atzean hamahiru bolatokiren izenak bota zituztenean sortu zen harridura eta jakin mina, mahaia estaltzeko paperezko mantelean idatzi zituztelarik. Hamahiru izan ziren momento horretan aipatutakoak eta gaur egun hogeita bat bolatokien aztarnak ezagutzen dira Itsasoko lurretan.

Gai honen inguruan gehiago jakin nahiean etxez etxe galdezka hasi ziren aurten: etxekoak, ingurukoak... herritarren oroimenari esker hogeita bat bolatoki mapan kokatzeko aukera dago dagoeneko.

«Herri guztia dantzan jarri eta Itsasoko festetan bi aurkezpen ekitaldi eskaini genituen Mendeungo Anttonik, Egiluzeberriko Jose Ramonek eta Urteagako Pilarek. Ekitaldi horietatik testigantza gehiago eta ikerketa zabalagoak eratorri ziren eta udazkenean amaitutzat eman badugu ere, gerta liteke beste aztarnaren bat agertzea. Hori horrela ematen bada, honi erantsita doan lana berrikusi eta eguneratuko dugu», azaltzen dute itsasoarrek.

Lanketa

Behin bolatokiak herriko zein puntutan kokatzen diren jakinda, ahal izan diren datu guztiak bildu eta hauetako bakoitzari fitxa bat osatu diote.

«Bolategi bakoitzari fitxa bat egin diogu bere kokalekua, egoera eta hainbat datu bilduz. Lan hau testigantzak eman dizkigutenei eta herriko etxe guztietakoei banatuko diegu Gabonekin batera. Ezin ditugu ahaztu ere bolatokiak ezagutu, bola jokoan ikusle izan edota bolatan jardundakoen testigantza emale izan ditugun hogeita bederatzi bizilagunak ere, hauei gure esker onik beroena eman nahi diegularik», azaltzen dute.

Aipatutako testigantza horietaz guztietaz gain, toponimia, argazkiak, material aztarnak, 1954. urteko ortofotoetako ebidentziak... eskura izan dituzte lan honetan ibili diren herritarrek, Itsasok izan zituen hogeita bat bolatokiren aztarnak identifikatu ahal izateko. Honekin aipamen berezi bat egi behar zaio Mandubiko Bentakoek eta Mandubizaharrekoek eskaini duten 1926. urtean ateratako argazkiari, non bolatoki estalia azaltzeaz gain, bola sorbaldara altxatuta Mandubizaharreko Joxe Antonio agertzen da.

«Materialaren artean Goiko Ostatuko bolera izan da protagonista berezia. Jasota dute bertako familia izandako Izagirretarrek eta Itsasoko aurkezpenean esku artean gozo ibili zuten gaztetan berarekin jokoan ibiliak zirenak. Oraindik oso egoera onean, nahiz 50 urte inguru izango dituen geldirik», konta-tzen dute.

Lan honetan tinko aritu ondoren, askori bolatokiren bat berpizteko gogoa egin zaiela azaltzen dute. Momentuz, informazio hau guztia eskura dago begirada bat bota nahi dion edonorrentzat, itsasokoargia.wordpress.com linkean.

Temas

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate