Diario Vasco

Ostatuko kontratuaren luzapena aho batez onartu du udalbatzak

Bilkura. Asteazkenean arratsaldean egin zen, lau puntuak aho batez onartuz.
Bilkura. Asteazkenean arratsaldean egin zen, lau puntuak aho batez onartuz. / GALILEA
  • Ezkioko Ostatuko zerbitzuen ustiapen kontratua bi urtez luzatuko da

Ezohiko Udal Osoko Bilkura aurrera eraman zen asteazkenean arratsaldean Ezkio-Itsasoko udaletxean, bertan mahai gainean jarritako lau puntuak aho batez onartu zirelarik.

Hasteko Ezkioko Argindegi ostatuko zerbitzuak ustiatzeko emakida kontratuaren luzapenaren inguruan aritu ziren. Momentu honetan indarrean dagoen kontratua azaroaren 1ean amaitzen da eta ondorioz, eta bertan lanean ari direnen interesa ikusita, hau bi urtez luzatzea onartu zuten bilkuran. Errenta orain arte izan den bezalakoa izaten jarraituko du; herriko ostatukoak bateratu eta guztietan berdina dela gogoratu zutelarik. Lehenengo kontratua 2010ean egin zen eta luzapen honekin 2018ra arte izango da, hau azkeneko prorroga izanik.

Bigarren puntu gisa, informazioaren, administrazioaren eta kudeaketa elektronikoaren esparruko zerbitzuak elkarri emateko Eusko Jaurlaritzarekin sinatzeko lankidetza-hitzarmena onartu zuten. Idazkariak azaldutakoaren arabera, «hi-tzarmen hau Eusko Jaurlaritzak egin duen proposamena da nolabait Udala eta Eusko Jaurlaritzaren artean datu trukaketa errazagoa izateko», azaldu zuen Iparragirrek.

Ondoren, Alegiko bidegorrian ibar baten gainean zubia eraikitzeko proiektuko obren esleipena ere aho batez onartu zuten. «Deialdi irekia egin da eta printzipioz pleguen arabera merkeena hartuko litzateke, aurretik aztertuz noski», azaldu zuen alkateak.

Laugarrenik, Osasun Zentru berriko proiektuaren obren lizitazioa abian jartzeko ekonomi-administratibo baldintzen plegua onartu zuten, eraikuntza berrian egin behar diren egokitzapen obrak aurrera eramateko. Momentu honetan Osasun Zentrua kokatzen den eraikuntza hustu eta Errekabarrena kaleko lokal batean kokatuko da anbulategi berria. Azken proiektu hau 2016ko aurrekontuetan sartzen da eta honetarako presupostua 164.000 eurokoa (BEZ-a barne) izango litzateke.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate