Diario Vasco

Sagardo Asteak 1.100 bisitari baino gehiago erakarri ditu aurtengoan

Zanpaketak. Aurten hiru zanpaketa gutxiago egon arren, bisitarien kopurua berdintxua izan da.
Zanpaketak. Aurten hiru zanpaketa gutxiago egon arren, bisitarien kopurua berdintxua izan da. / GALILEA

Primerakoa izan da aurtengo Sagardo Astea Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoan, urriaren 5ean hasi eta hamar egunetan zehar ekintza ugari aurrera eraman direlarik. Museokoek balantzea egin dute eta hau oso baikorra dela diote, honen ezaugarri guztiak ezagutu ahal izan ditugularik.

Guztira 1.100 bisitari baino gehiago jaso ditu baserriak aste berezi honetan, gaztetxoetatik hasi eta adinduak ere gerturatu izan direlarik gure herriko altxorra ezagutzeko asmoz. «Orokorrean Igartubeititik egiten dugun sagardo astearen 15. edizioaren balantzea oso baikorra da, kontutan izanik aurten erronka berriak genituela. Ezkio-Itsasoko Yartu elkarteak burutu ditu azken urte hauetan dolarean lan egin duten pertsonen, antzespenen eta sagar erosketaren kudeaketa eta aurtengoan Igartubeititik egin dugu lan hori», azaltzen dute baserri museotik.

Aurten hamar prentsaketa saio aurrera eraman dira guztira, astean zehar 11:30ean eta asteburu-jaiegunetan, 12:00etan. Beraz, edizio honetan ez dira arratsaldeko saiorik burutu; erabaki hau hartu da dolareko hamar metroko habeak lan gutxiago egin dezan.

Bisitariei dagokienez, aurtengo eta iazko kopurua berdintsua da, baina beti ere kontutan hartuz oraingoan prentsaketa gutxiago egon direla. «Bisitari kopuru aldetik ez dugu aldaketa hain handirik somatu, aurten guztira 1.107 bisitari izan ditugu, iaz berriz, 1.185 baina hiru prentsaketa gehiago izan ziren», adierazten dute antolatzaileek.

Bisitari hauen perfilean erreparatzen badugu, %53a gizonezkoak izan dira, eta gehiago izan dira taldean gerturatu direnak (%57), bakarka egin dutenak baino (%43). Euskal Herriko puntu desberdinetatik etorri dira oraingoan: Gipuzkoatik %66, Bizkaiatik %15, Nafarroatik %9, Arabatik %6, eta beste %4a bestelako lekuetatik hurbildu izan da. Adinen inguruan, gehiengoa 10-20 urte bitarteko gaztetxoak izan dira (%28), ikastetxeekin baserrira gerturatu direnak.

Bisitariek iaz bezala erreserbak aurrez egin ahal izan dituzte eta jendearen gehiengoa urriaren 12an (asteazkena eta jai eguna) gerturatu dira Igartubeitira. Egun honetan zanpaketaz eta antzezpenataz gozatzeaz gain, Jo ala Jo elkarteak Kirikoketa saioa aurrera eraman zuen, sagardo astean zehar orduan bakarrik eskaini zuelarik.

Bestalde, aurten, antzespenak Urretxu-Zumarragako Karmakros taldeak burutu ditu Igartubeitik luzatutako eta beraiek moldatutako gidoi batean oinarrituz. «Oso balorapen baikorra egin dugu bai beraiek eta bai Igartubeitiko langileak ere eta datorren urtean espero dugu ere elkarlanari jarraipena ematea», diote.

Gure Iragana elkarteak ere Ezkioko elizara bisita gidatuak eskaini ditu asteburuetan eta jaiegunetan, 10:30etik 11:30era eta jendea animatu da, eta museoaren asmoa, hemendik aurrera, beste jarduera ba-tzuetan ere aukera hau eskaintzea da.

Gastronomi dastaketei dagokienez, Igartubeiti Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarearen kide denez, sareko beste bi museoekin, Gorrotxategi Museoarekin eta Sagardoetxearekin jarduera antolatzea pentsatu ztuen eta sagar zein sagar dultze dastaketa burutu urriaren 13an. Gastronomiarekin jarraituz ere, aurten ere Sagardo Astea menu berezia eskaini dute inguruko ostatuetan eta jatetxeetan.

Lehiaketak

Argazki lehiaketan, hamasei pertsonak eman dute izena, argazkiak azaroak 13rako bidali beharko dituzte eta epaimahaiak erabakiko ditu sarituak.

Errezeta lehiaketan berriz, bi pertsonek bidali dituzte errezetak eta hauei dagozkien argazkiak: sagardo sorbetea eta sagar karamelizatuak urdaiazpikoarekin. Dagoeneko webgunean sareratuta daude www.igartubeitibaserria.eus/eu/jarduerak/urterokoak/sagardo-astea-1/sagar-edo-sagardoarekin-egindako-errezeten-lehiaketa linkean aurkitu daitezkelarik.

Zozketa egin ondoren, Josu Lopez-Gazpio suertatu da saritua, honek bi pertsonentzako bazkaria edo afaria izango duelarik Ezkioko Ostatuan.

«Datorren urteari begira bi hobekuntza dauzkagu aurreikusita, alde batetik, bisitariek sagar zukua edan dezaten edalontzi berrerabilgarria, plastikoa ekiditzeko,eta bestalde, dolareko azalpenak euskaraz eta erderaz eskaintzerakoan entzuteko arazoak ekiditzea», azaltzen dute Igartubeititik.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate