Diario Vasco

Sagardo Astea iristear, ekintzaz jositako asteburua Igartubeitin

Tailerra. 'Soineko paisaia' erakusketatik abiatuz.
Tailerra. 'Soineko paisaia' erakusketatik abiatuz. / IGARTUBEITI
  • Umeentzako tailerrak eta Ensemble Diatessaron taldearen kontzertuak biribildu zuten larunbateko agenda

Sagardo Astearen inaugurazioa bihar goizean aurrera eramango da Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoan, baina asteburu honetan ere ekintzak izan dira bertan, haurren tailerrak eta dolarean izandako kontzertuak larunbateko egitaraua biribildu zutelarik.

Larunbat arratsaldean, 'Soinuak harrapatzen' tailerra burutu zen interpretazio zentruan. Honetan parte hartu zuten haurrek 'Soineko Paisaia' erakusketa ezagutu zuten eta ondoren, «jolasaren bitartez, sentsazioak eta gorputzaren adierazpena landu zituzten, begiak itxi eta entzuten dutenan erreparatuz, jasotzen dutena adierazi dute parte hartzaileek», azaltzen dute Igartubeititik.

Tailerra amaitu eta baserriko dolarean, Zumarragako Antioko XXXIII. Musikaldiaren barne kokatutako kontzertuari hasiera eman zioten. «Oso ondo egon zen. Ensemble Diatessaron taldeak 'Godalet' diskoa grabatu zuen Igartubeitin. Oso kontzertu dinamikoa izan zen, musika tresna ugarirekin eta Maite Larbururen ahotsa ere izugarria», diote museoko arduradunek.

Ensemble Diatessaron taldea Juan Vegak (Txirula eta txistuak, moldaketak), Maite Larburuk (Biolina eta ahotsa), Josean Pascualek (Espineta), Rafael Bonavitak (Tiorba eta gitarra barrokoa), Agustin Laskurainek (Perkusioa) eta Elena M. de Murguiak (Zango biola eta zuzendari-tza) osatzen dute.

Beraz, martxa hartzeko asteburu dotorea izan dute Igartubeitin, orain aurrera begira, bihartik hasi eta urriaren 14ra arte Sagardo Asteak biltzen dituen ospakizun eta ekintzetaz gozatzeko aukera izango dugularik.

Inaugurazioa

Goizeko 11:00etan aurtengo Sagardo Asteko hasiera ekitaldia eta aurkezpena aurrera eramango dira bihar Igartubeitin, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sariak XV. Sagardo Lehiaketako irabazleei diplomak ematearekin, eta ondoren lehenengo zanpaketa egingo da dolarean.

Baserriaren ahotsa entzuteko aukera urriaren 14ra arte egongo da, egun hauetan zehar ekintza desberdinak aurrera eramango direlarik. Sagar zanpaketak adibidez egunero izango dira, eta zanpaketa bakoitza hasi baino lehen 50 kg sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Hilak 12an Jo ala Jo elkartekoek kirikoketa egokiak egin di-tzaten, 150 kg sagar gehituko dira zanpaketaren aurretik.

Bestetik, aurten ere ez da Igartubeitiko Kortabarria familia faltako, oraingoan antzezpenak Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldekoen esku izango direlarik, XVII. mende hasieran baserrian bizi izandako familia hau antzeztuz.

Ezkio-Itsason hazten diren sagar barietate desberdinen erakusketa ere izango dugu baserriko atarian; Ezkioko San Migel eliza bisitatzeko aukera zabalduko da egun hauetan, bisita gidatuak eskainiz; eta haurrei zuzendutako tailerra ere ez da faltako aste berezi honetan, oraingoan lau urtetik gorako haurrak dituzten familiek «Sagar tentagarriak» tailer gastronomiko-sentsorialean parte hartzeko aukera izango dutelarik. Tailerra urriaren 8an egingo da, 16:30etik aurrera. Helduei zuzendutako tailerra ere eskainiko da, urriaren 13an 19:00etan 'Sagar dultze dastaketa'-rekin, Rafa Gorrotxategiren eta Sagardoetxearen eskutik, Euskadiko Enogastroomia Museo eta Guneen Sarearen lankidetzarekin. Gastronomiaren ildotik, herriko taberna eta ostatuek 'Sagardo astea' menu berezia eskainiko dute egun hauetan.

Azkenik, IX. Sagardo Argazki Lehiaketa eta Sagar edo Sagardoarekin egindako errezeten lehiaketa ezin ditugu ahaztu, azken honetan parte hartzeko aukera zabalik dagoelarik dagoeneko, errezeta eta argazkia igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidera bidali behar direlarik.

Sagardo Astean aurrera eramango diren ekintzen egiteraua, informazioa eta lehiaketen oinarriak www.igartubeitibaserria.eus helbidean aurkitu daitezke.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate