Diario Vasco
Plumelec. Europako lasterketatan Espainiako selekzioarekin.
Plumelec. Europako lasterketatan Espainiako selekzioarekin. / A. A.

Europako txapelketan 17. postu bikaina lortu du Alex Aranburuk

  • Irailaren 14tik 18ra bitartean jokatu diren Plumelec txapelketetan parte hartu zuen larunbatean Aranburuk

Denboraldi ederra egiten ari da Alex Aranburu ezkiotarra, aurrera eramandako lasterketatan postu bikainak lortuz eta Espainiako selekzioarekin ere lehia-tzeko aukera izan duelarik. Urte gogorra baina aberatsa bizi izan du Ezkioko txirrindulari gazteak eta denboraldia amaitzeko gutxi falta zaio dagoeneko, hurrengoan taldez aldatu eta Caja Rural-ekin egongo delarik.

Aurreko asteburuan Europako Plumelec Lasterketatan parte hartu du Frantzian (honen 22. edizioa ospatu izan da) Espainiako selekzioarekin batera Aranburuk, larunbatean ospatutako 150 kilometroko lasterketa burutu duelarik hain zuen ere.

150 kilometro

«Espaniko selekzioarekin hartu nuen parte Europako txapelketan asteburu honetan. Lasterketak 150 kilometro zituen denera baina zirkuitu bat genuen bertan. Zirkuituak burutzeko 13 kilometro egiten genituen eta bertan aldapa gogor bat zegoen ia bi kilometro ingurukoa; helmuga aldaparen gainean zen», deskribatzen du txirrindulariak.

«Selekzio indartxuenak Frantzia eta Italia ziren eta beraien artean kontrol handia zuten. Guri ere asko begiratzen ziguten eta ihesaldietan sartzeko lan zailagoa izan genuen. Hasiera batean hiru laguneko talde batek alde egin zuen baina geroago errusiarrek agintea hartu zuten eta ihesaldi hau bertan behera bota zuten lasterketaren erdi aldean. Ondoren mugimendu gehiago egon ziren, eta lasterketa gogortzen zihoan», azaltzen du Alex Aranburuk.

Esperientzia polita

«Hiru bira falta zirenean berriro ere beste hiru lagunek alde egin zuten, esprintari itxaron ordez, eta hauek azken aldapan harrapatu genituen. Bukaerako bueltan gogortasunaren poderioz 50 laguneko pelotoi bat ailegatu ginen esprintera eta bertan 17. postua lortu nuen irabazlearen denbora berdinean. Esprintean ezin izan nuen aurrerago egin eta penaz gelditu nintzen baina ez da nire terrenoa eta horrekin konformatu beharko...», dio txirrindularik.

Hala ere oso esperientzia polita izan dela aitortzen du Aranburuk. «Lehenengo aldia zen Europako txapelketa batzuetan parte hartzen nuela eta berriro ere parte hartzeko gogoz geratzen naiz».