Diario Vasco

Etorkizun berri baten aurrean

Itsasoarrak. Talde eragileko kide batzuk; guztira hemezortzi lagunek osatzen dute Itsaso Bherria.
Itsasoarrak. Talde eragileko kide batzuk; guztira hemezortzi lagunek osatzen dute Itsaso Bherria. / GALILEA
  • Egindako lanak bere fruituak eman ditu eta aukeratzeko eskubidea izateak poz handia dakar

  • Itsaso berriro udalerri izatea nahi duten edo ez bozkatuko dute itsasoarrek biharko galdeketan

Prozesuak, bilerak, legeak, elkarrizketak, arauak... lan handiko urteak izan dira amets, behar eta azken finean eskubide batengatik itsasoarrak buru belarri pasa dituztenak. Honi guztiari esker, bihar izango dute erabakitzeko aukera, Itsaso berriro ere udalerri izatea nahi duten edo ez bozkatuko dutelarik.

Aurretik lanketa desberdinak eginak ziren Itsason baina 2013ko udazkenean hasi zen ofizialki desanexioaren prozesuarekin martxan, Ezkio-Itsasoko Udalak berak bideragarritasuna juridikoa eta ekonomikoa eskatu zituelarik. Itsaso Bherria talde eragilea 2014an sortu zen arauak eskatzen zuelako, eta 2015eko hasieran gauzatutako herri-galdeketan, 102 lagunek eman zioten taldeari eurei errepresenta-tzeko ahalmena.

Gaia aspaldi zuten herritar askok buruan, lagun artean komentatu, beste garaiak gogoratu, etorkizunerako nahiak... eta azkenean indarrak batu eta Itsaso berriro ere udalerri izateko lanean hasi ziren. «Betidanik egon den proposamena gauzatu egin da; indarrak batu ditugu. Itsasoren errekuperatzea eta gaztetzea oinarrietako bat izan da baina faktore askok bat egin dute gertatzeko», azaltzen dute talde eragileko kideek. «Anexioa gertatzen den momentutik populazioa galtzen hasten da eta 400 bizilagun inguru izatetik 160ra pasatzen da, eta egia da maila batean indar gabe geratzen dela. 1990-2000 urte bitarte horretan berriro ere hazten hasten da: etxe berriak, kanpoan zeuden herritar batzuk bueltatu... haurrak ere momentu berdintsuan izan genituen eta horrek batu egin gaitu eta bultzarazi ere. Etorkizun bat dago eta hori izateak bultzada eta indarra ematen dizu. Kapaz garela sinisten hasiak gara, indarra behar da noski, baina gai garela sinistu behar dugu», Itsaso Bherriak.

Prozesua ez da makala izan eta azken urtea luzea suertatu da, urtarriletik prozesuaren amaiera begi aurrean ikusten zelako. Hala ere behar izan duen denbora positiboki ikusten dute talde eragileko kideek, honi esker oztopoak gainditu, talde lanak duen garrantzia ikasi, indarrak batu eta azken finean herritarrak eta herria bera ere abesrastu duelako. «Egin diren bileretan eta bestelako ekintzetan ere, adibidez auzolanetan, harremanak oso estuak izan dira, talde lana, adin desberdineko jendea... Balore hauek haurrei erakusteko aukera izan dugu eta gainera uste dugu geroko fun-tzionamendurako ere oinarriak nahiko sendo ditugula; prozesuak denbora eman digu dinamika batzuk finkatzeko», Itsaso Bherria.

Zerbait erabaki behar izan denean batzarrak antolatu dira Itsason eta parte hartze kopurua aipatu behar da, hauetan 60 biztanlek inguruk parte hartu dutelarik; guztira 164 herritar direla kontutan izanik, biztanlegoaren herena baino gehiagok parte hartu du erabakietan. «Hau ere itsasoarren ezaugarri bat da, gai sensibleak direnean biletera jende ugari etorri izan da; oso herri elkartua da».

Bozketa

Aurreko egunetan gorabeherak egon arren, azkenean iritsi da eguna eta bihar goizeko 9:00etatik arratsaldeko 8:00ak bitartean Itsasoko Udaletxe zaharrean, Ezkiorekiko desanexioari bai edo ez esateko aukera izango dute herritarrek. Itsasoarrak pozik daude, bozkatzeko gogoekin eta gaur egun kanpoan bizi den jendea egun honetaz gozatzera etorriko delaren zain.

Ostatuaren gaineko solairuan kokatuta egon zen azken udaletxea Itsason eta aurrera begira ere prin-tzipioz bertan kokatuko da. Bi urtetan bakarrik egon zen bertan Udala, jarraian Ezkiorekin anexionatu baitzen herria; aurretik Kontseju Etxean zegoen. «Oso sinbolikoa da non bozkatu behar dugun, bai lekua eta baita erabiliko dugun mahaia ere, hau Ezkio-Itsasoko udaletxetik ekarritakoa baita, Itsasoko azken udaletxetik bertara eramandakoa».

Guztira, 140 itsasoareek izango dute bihar bozkatzeko aukera eta laster jakingo dugu emaitza. Hala ere Foru Aldundiak du azken hitza eta hauek Dekretua argitaratu arte Itsaso ez da berriro ere udalerri izango. Dena den, denbora kontua da eta baiezkoaren zain egongo dira herrian, notizia jaso orduko, elkartu eta ziur festa ederra ospatuko dutelarik. Egun hori historikoa izango da itsasoarrentzat, ahaztu ezina, eta etorkizun berri bat markatuko duena, handik aurrera herri bezala lanean hasi beharko direlarik. Itsaso Bherria taldekoek argi dute zein izango den lehenengo lana: «Itsaso kokatzea argi eta garbi; mapan kokatu behar dugu herria: Mankomunitateko azken zatitxoan gaude eta bazter batean geratzen gara. Anbulantzia bat etorri behar baldin badu jakitea non dagoen garrantzitsua da. Hau ez dugu sekula nahiko aztertu baina gure seguratsuna askotan arriskuan jarri izan da ere, anbulantziak, Ertzainak... galduta edo bide okerretik joan direlako» diote.

«Dekretuarekin batera egingo dugun lehenengo gauza Junta edo Ba-tzorde Kudeatzailea osatzea izango da. Ez dakigu zein irizpide erabiliko ditugun; berez norma foraletan Junta osatzeko irizpideak jarrita daude, alderdi politiko desberdinek jasotako botuak begira osatuz, baina Itsasok sekula ez du hautetsontzirik izan, beti Santa Lutzira joan izan gara bozkatzea, beraz ez dago nola jakin; irizpide hau ez da baliagarria eta ez dakigu zein izan behar den», azaltzen dute. Udalerria hasiera hasieratik osatu beharko dute itsasoarrek eta aurretik egindako lanketari esker nahiko aurreratuta dute lana. Hau ez da makala izango baina gogo biziz hartuko dute «zoragarria izango da gu geuk herria sortzea, guztien artean eta ditugun beharrak kontutan hartuz; gainera, hau guztia bertan egingo dugu». «Oso garrantzitsua da herria zaintzea eta herritarrek honen garrantziaz ohartzea. Herri batek bere iragana zaindu behar du, nondik gatozen, zer gertatu den, ondarea zaindu... ezagutzera eman behar da ere. Eta eskubide hori hor daukagu eta hori ez da igandean bozkatuko duguna, desanexioa nahi dugun edo ez bozkatuko dugu gure eskubidea erabakitzea delako», diote.

Urola edo Goierri

Herritarrekin elkartu eta guztien artean erabakitzea da Itsasoko herriaren nahia, eta Diputazioaren baiezkoa jaso bezain pronto erabakiak hartzen hasiko dira herria euren perspektibarekin garatzeko: presupostua non erabili, ongizatearen lehentasuna, egin beharko diren kontratazio berriak, ondarea zain-tzea... Gaur egun Urola Garaia Mankomunitatearen barne aurkitzen da herria, baina kokapenari dagokionez Goierri aldera jotzen dute gehienek. «Hori ere aztertu beharko da eta herritarrek erabakiko dute. Une honetan Urola Garaian gaude, aurrentzean ikusiko dugu zer komeni zaigun gehiago eta nun egin di-tzazkegun ekarpen gehiago ere. Lan polita izango da aukera hauek beste proiektu askorekin batera ere aztertzea eta herritarrekin konparti-tzea. Inork ez digu galdetu inoiz non egon nahi genuen eta gauzak galdetzen direnean, kontzientzia har-tzen da», diote Itsaso Bherria-ko kideek.