Diario Vasco

«Gure sukaldeko izarra idi buztana da; oso goxoa prestatzen dugu»

Anduaga jatetxea. Lina bere alabarekin batera Anduaga jatetxeko ate parean.
Anduaga jatetxea. Lina bere alabarekin batera Anduaga jatetxeko ate parean. / GALILEA
  • Lina de Carvalho Sukaldaria

  • Parrilla bat kokatzea kanpoko aldean, aizkolari erakustaldiak edo pintxo potea dira Linak aurrera begira dituen proiektuetako batzuk

Denbora batean itxita egon ondoren, irailaren 1ean berriro ere bere ateak zabaldu zituen Anduaga industrialdean kokatutako Anduaga jatetxea, oraingoan Lina Carvalhoren eskutik. Bai Lina hobeto ezagutzeko eta baita jatetxean egongo diren gora beheren berri izateko berarekin hitz egin nahi zain dugu.

Urtetako eskarmentuarekin, nola iristen zara Ezkiora?

Bertako Agirretxe jatetxean sei urte eman nituen aspaldi sukaldari gisa, eta handik Beasainera joan nintzen bertan taberna bat hartuz. Aldatzeko gogoa neukan oraingoan, nire bizi kalitatea hobetu eta familiarekin denbora gehiago pasa; azkenean, Beasaingo tabernan egun osoa ematen nuen eta ez neukan beste edozertarako denborarik.

Zein da Anduaga jatetxe berriaren eskaintza?

Astelehenetik larunbatera zabaltzen dugu, goizeko 6:30etatik gaueko 21:00ak arte gutxi gorabehera eta eskaintza nahiko zabala da: gosariak, pintxoak, razioak, ogitartekoak... Astean zehar ere menua daukagu eta larunbatetan eguerdian menu berezi bat egingo dugu. Igandean itxita egongo da, aste zeharreko martxari eman nahi baitiogu indarra. Eta aurrera begira, eta egoera aproposa bada, kanpoaldean parrilla bat kokatzea gustatuko litzaidake.

Zeintzuk dira zuen berezitasunak?

Tortila desberdinak ditugu: bakailaozkoa, patata, urdaiazpikozkoa... Etxean egindako postreak ere oso goxoak dira, adibidez sagar tarta bedo amonaren flana. Eta jendeari asko gustatzen zaion platera, benetan ondo atertazen zaidana eta beharbada gure etxeko izarra, idi buztana da, hau astean behin edo bitan egiten dugularik.

Noiz behinka ekintza bereziak ere izango ditugu?

Bai baliteke. Lehenengo egunetako batean aizkolari erakustaldi bat prestatu genuen kanpoan, honetan Quintana eta Pellejero lanean aritu zirelarik. Nahiko jende hurbildu zen, baina egia da publizitate gehiegirik ez genuela egin eta asko ez zirela ohartu; hurrengoan behar bezala abisatuko dugu nahi duen guztia gerturatu dadin. Bestalde, bertan apostuak botatzeko aukera ere zabaltzen dugu! Nahi duenak gerturatu eta bota apostua.

Ideia berririk?

Bai. Beasainen egin nuen eta oso harrera ona izan zuen ideia bat daukat bueltaka buruan. Ez dakit pintxo-pote moduan jarri edo ostiraletan eskaini baina gazta, irasagarra eta intxaurrak izango ditugu aurrera begira; formatua ez dago argi baina egongo delaz ziur nago.