Unai Larrea, Jon Fernandez eta Manu Castro, bizikleta jaitsierako irabazleen artean

Irabazleak eta parte-hartzaile asko, Herriko plazan sari ematea bukatu ondoren. / DV
Irabazleak eta parte-hartzaile asko, Herriko plazan sari ematea bukatu ondoren. / DV

JOSEBA LEZETA ANTZUOLA.

Guztira 73 rider aritu ziren Antzuolako bizikleta jaitsieran zapatuan. Txirrindulari zein ikusle asko bildu zituen lehiaketak Pagamenditik trenbidera bitarteko ibilbidean. Iraitz Etxebarria mungiarra izan zen azkarrena eta mailaz mailako sailkapenetan hiru antzuolar nagusitu ziren: Unai Larrea juniorretan, Jon Fernandez kadeteen artean eta Manu Castro 40 urtetik gorakoetan.

Unai Larreak, berez, bosgarren egin zuen sailkapen nagusian 3 minutu eta 21 segundorekin, Iraitz Etxebarriak baino 16 segundo gehiago. Jon Fernandezen denbora, 3:25, hamabigarrena izan zen; Mikel Fernandez anaiarena, 3:26, hamabosgarrena; eta Manu Castrorena, 3:29, hamazortzigarrena.

Antolatzaileak gustura ziren saioa bukatu ostean: «Ondo baino hobeto joan da jaitsiera. Pozik gaude. Euskal riderrez gain, Andaluziatik, Bartzelonatik, Kantabriatik eta Errioxatik etorri dira. Pabeko frantziar bat ere bazen. Herri osoak bat egin du probarekin eta jendetza bildu da».

Zirkuituak parte-hartzaileen txaloak jaso ditu: «Oso polita eta teknikoa dela azaldu digute. Ikuspuntu horretatik ere gustura egoteko moduan gaude», diote antolatzaileek.

Eskertzak ere luzatu dituzte: «Dendei, lantegiei, tabernei eta euren lursailetatik pasatzen laga diguten baserritarrei. Guztien kolaborazioa izan dugu eta eskertzekoa da». Ea datorren urtean errepikatzeko moduan diren.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos