Txinparta Gazte Sariketa antolatu dute bertso eskolako gazteek, lehenengoz

Aitor Tatiegi eta Bittor Zubiagirre bertsotan Kirol Sarietan / MARIAN
Aitor Tatiegi eta Bittor Zubiagirre bertsotan Kirol Sarietan / MARIAN

Guztira 16 bertsolarik parte hartuko dute bikoteka, horietatik sei oñatiarrak izango dira

M.G. OÑATI.

Oñatiko bertso eskolak Txinparta Gazte Sariketa antolatu du, 20 urte azpiko bertsolarientzat. Guztira 16 bertsolarik parte hartuko dute bikoteka, horietatik 6 oñatiarrak (Aitor Tatiegi, Gontzal Belategi, Urko Arregi, Aritz Irigoien, Bittor Zubiagirre eta Xabi Agirre). Hiru saio izango dira, bi kanporaketa eta finala. Aurreneko saioa urtarrilaren 27an izango da, Arrano tabernan; bigarren kanporaketa otsailaren 3an, Pako tabernan, eta finala otsailaren 16an, Antixena gaztetxean. Kanporaketa bakoitzeko bikote irabazlea, eta punturik gehien lortu duen hirugarren bikotea sailkatuko dira finalerako.

Bi kanporaketa eta finala

Bi helburu nagusi ditu Txinparta bertso eskolak antolatu duen sariketa honek: bertsolari gazteei saioak egiteko aukera eskaintzea, eta zaleei bertsolari gazteak ezagutzeko bidea ematea.

Aurreko bi urteetan, 2016 eta 2017an, gazteen herriarteko desafio formatuan egin dira saioak. Bikoteka baina emanaldi bakarrean. Aurten, sariketa kutsua eman zaio bi kanporaketa eta finalekoa antolatuz. Bikoteka jokatuko da baita ere, baina jatorriari dagokionean, bikote mistoak izango dira eta herri ezberdinetako lagunak bilduko dira, euren arteko harremanak ere sendotzeko. Eta noski, sariketa denez, txapelduna egongo da. Dena den, soilik bertsolari batek jantzi ahal izango du txapela.

Finalean hobekien jardun duen bikotea osatzen duten bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute. Hor, onenak eskuratuko du txapela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos