Oñatiko nazioarteko artzain txakur lehiaketak eta Kilometroak-ek bat egin dute

Iazko txapelketako irabazleak, Marcel Uhalde eta Etxe
Iazko txapelketako irabazleak, Marcel Uhalde eta Etxe / Marian

Irailaren 24an egingo dute jai eguna, "inoiz txapelketa ikusi ez dutenek edo txapelketa ezagutzen ez dutenek artzainen lana ezagutzeko aukera" izan dezaten. "Bereziki, gazteengana" heldu nahi dute antolatzaileek

DVDonostia

Irailaren 24an ospatuko da Oñatin, 58. Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketa, Gipuzkoako Ikastolek, Kilometroak 2017 jaia ospatuko duten egun berean.

Oñatiko San Migel jaiak direla-eta, Gipuzkoako Ikastolen aldeko festa astebetez aurreratu da eta hala, bat egin du Oñatin 58.ez egingo den Nazioarteko Artzain Txakur Lehiaketarekin. Bi festek elkar elikatuko dute, biak ere, irailaren 24an egingo baitira. Gainera, Artzain Txakur Txapelketa egingo den Santa Lutziako zelaia Kilometroak 2017ko zirkuituaren barruan egongo da.

Kilometroak 2017ko antolatzaileek adierazi dutenez, "aurtengo Kilometroak eguna herritarrekin batera antolatzea izan da helburua eta hori horrela, bi antolakuntzek elkarlanaren bideari ekin diote".

Aipatu bezala, Santa Lutzia zelaia Kilometroak eguneko bigarren gunean kokatzen da. Bigarren hori, etxeko gaztetxoenendako gunea izango da eta hori horrela, txapelketaren antolatzaileek uste dute, erakusleiho polita izango dela: "Inoiz txapelketa ikusi ez dutenek edo txapelketa ezagutzen ez dutenek artzainen lana ezagutzeko aukera izango dute. Bereziki, gazteengana heldu gurako genuke", diote.

Hala, Kilometroak 2017ko ibilbidea hasi eta bigarren gunean sartzen den edonork izango du txapelketa ikusteko aukera. Hori da aurtengo berrikuntza nagusia, alegia, Santa Lutziako zelairako sarrera, doan izango dela. "Azpiegitura aldetik oso zaila zen Ikastolen aldeko jaia eta txapelketa bereiztea eta sarreratan kontrola egitea. Hori horrela, aurten doan izango da txapelketarako sarrera", diote antolatzaileek.

Txapelketaren nondik norakoak

Irailaren 24an, beraz, 10:30ean, hasiera emango zaio nazioarteko txapelketari. Aurtengoa 58. edizioa da. 1955. Urtean ospatu zen lehenengoz. Bost urteko etena izan zuen txapelketak, 1961etik 1967ra bitartean eta ordutik, urtero-urtero ospatu da.

Guztira 14 bat txakur arituko dira lehian aurtengo txapelketan. Horien artean daude iazko txapeldun Marcel Uhalde, Euskadiko txapelduna eta azpi-txapelduna, Arabako txapeldun Fidel Alonso, Gipuzkoako Txapeldun Jose Mari Bengoa, Nafarroako txapeldun Antonio Alustiza, Bizkaiko txapelduna, Iparraldeko Roger Jauretxe, Balear Uharteetako Miguel Adrover, Castellongo Juli Vayot, Tarragonako Jose Mari Pleguezuelos eta Bartzelonako Hilario Novillo, besteak beste.

Bi ariketa

Txakurrek, beti bezala, bi ariketa egin beharko dituzte. Lehenengoan, aurretik zehaztutako ibilbide batean ibili eta epaimahaiak aukeratutako hesi-tartetik pasa beharko dute artaldea. Bigarrenean, artaldea hartu eta zelai erdian dagoen eskortan sartu beharko dute.

Ez dira ordea, Santa Lutzia zelaiko ekintzak goizean egingo den Artzain Txakur Lehiaketarekin bukatuko, izan ere, Erronkako –Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako Ikastoletako DBHeko mailetako gazteentzako proba– finala, han bertan jokatuko da. Gainera, Erronkak keinu egingo dio artzain txakur txapelketari, finalean, txapelketa hori irudikatuko baita, beste proba osagarri batekin.

Probak bi atal izango ditu: Lehen atal baten ikasle batzuk (7) 'ardiak' izango dira, eta beste bat 'artzaina'. Ikasleek, begiak itxita, artzainak agindutako ibilbidea egin beharko dute. Goizeko Nazioarteko txapelketan ardiek pasatu beharko dituzten eskortetatik pasatu beharko dute arratsaldean 'ikasle-ardiek' ere. Artzaina eta ardiak komunikatzeko, 5 talde batera arituko direla kontuan izanda, walkie-talkieak baliatuko dituzte.

Fotos

Vídeos