'Oñati biziri4' diskoaren aurkezpen jaia gaztetxean

M.G. OÑATI.

Azken urteetako ohiturari jarraiki, Oñatiko zenbait musika talde, bikote eta bakarlarien artean grabatu duten 'Oñati biziri4' diskoa gaur aurkeztuko dute Antixena gaztetxean. 17:00etan emango diote hasiera ekintza sortari, Potx eta Lotx pailazoen emanaldiarekin. Eta hori bukatuta hasiko dituzte kontzertuak, 18:30ean. Sarrera erostean diskoa oparituko da.

Proiektuaren bultzatzaileek duela hamabi urte ekin zioten egitasmoari, eta hiru disko kaleratu dituzte ordutik. Hori bai, azaldu dutenez, lehen eguneko helburuarekin dihardute: «Beti bezala, euren abestiak plazaratzeko -eta, beraz, ezagutzera emateko- aukera eman gura izan diegu herriko talde zein bakarlari hasiberriei». Zehatz esanda, Valls eta Izar, Aitor Regeiro, Iker Martinez, Gaitzerdi, Herstura, Broken Legacy, Zuen Azkena, Utopia eta Txua izango dira entzungai disko berrian.

Eta horretan geratu barik, bestelako sortzaileak ere gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera, «herrian bizirik eta aktibo dauden horiek». Gauzak horrela, Urko Arregiren bertsoa, Pobresiaren poesia musikatua zein Potx eta Lotx pailazoen kantu bat ere biltzen ditu diskoak. Esan beharrekoa da, aurtengoan, hogei abesti daudela entzungai Oñati Bizirik-en.

Autogestioa oinarri

Bultzatzaileen esanetan, «autogestioa» du oinarri egitasmoak. «Besteak beste, guztioi dagokigu diskoari forma ematea, grabazio egunak zehaztea, soinu teknikariarekin ados jartzea eta finantzazio bideak aztertzea», diote. Eta, bide horretan, diskoaren salmenta zein aurkezpen kontzertua dituzte finantzazio bide nagusi. Bestetik, diskoaren grabazioari dagokionez,herriko gaztetxean grabatu dute, zuzenean. Otsailaren 3an eta 4an aritu ziren horretan, Iñaki Zubia musika teknikariaren laguntzaz. Boga, Arrano, Ona, Pako eta Itturri tabernetan jarriko dituzte diskoak salgai, 4 euroren truke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos