Kirol txapelketak, bazkaria eta kontzertuak, 'Egun Morea' jai giroan ospatzeko

Aurtengo sanmielak laburragoak izan dira eta aldarrikapen jaia atzeratzea erabaki zen

M.G. OÑATI.

Aurten laburragoak izan dira San Migel Jaiak, eta egitarauan tarterik izan ez zuen 'Egun Morea' bihar ospatzea erabaki zen. Jai egun nagusietatik kanpo bada ere, egutegian ia ohikoa bihurtu den aldarrikapen-festari uko ez egiteko.

Goizean goizetik hasiko dira ospakizunak, kirola egiten. Frontefeminista eta Neskalada izenpean, frontenis eta eskalada txapelketak egingo dira Zubikoa kiroldegian 10:00etatik aurrera. Parte hartu nahi dutenek Arranon, Ona tabernan edo kiroldegian eman dezakete izena.

Kirol hitzordu bikoitz horren ondoren poteoa hasiko da kiroldegiko tabernatik abiatuta eta jarraian, bazkaria izango da Gaztetxean. 14:30ean hasiko den otordurako txartelak Ona eta Arrano tabernetan eros daitezke 10 eurotan, langabetuentzat berriz, 7 eurotan.

Bazkalosterako ikuskizuna iragartzen da, 'Atzoko Ogixa' lana hain zuzen ere. Eta gauean musika nagusituko da 'Egun Moreaz'. Kontzertua izango da lehenik gaztetxean. Las Tipex eta Perlata taldeen emanaldia izango da 22:00etan hasita. Jaiak Arrano tabernan jarraituko du gaueko 01:00etatik aurrera DJ Bolloren emanaldia izango baita bertan.

Beraz, egun guztiak more kolorekoak izatea nahiko lukete antolatzaileek, baina egun bat ezarri zuten jaiak berdintasunean bizitzeko eta gozatzeko, jendea kontzientzia hartuz joan dadin. Aurten ere ez da faltako.

Fotos

Vídeos